Puigdemonti asiloa ematearen alde agertu da Alemaniako 'Der Spiegel' egunkaria

Puigdemont Espainiaratzearen kontra agertu da Süddeutsche Zeitung egunkaria ere.

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko martxoak 27

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren espetxeratzeak Alemaniako giro politikoa zipriztindu du, eta Kataluniako auziari buruzko adierazpenak egin dituzte alderdi politikoek. Alemaniako Gobernuak afera "Espainiako zuzenbidearen arabera" konpondu behar dela nabarmendu du. Oposiozioak, berriz, Puigdemonten espetxeratzea kritikatu du, eta "irtenbide politikoa" galdegin du egoera gainditzeko.

Kataluniako auziari buruzko eztabaidak Alemaniako erreferentziazko zenbait hedabidetako editorialak ere hartu ditu. Esaterako, Der Spiegel itzal handiko astekariak Asiloa Carles Puigdemontentzat izenburuko editoriala argitaratu du, Jakob Augstein kazetari eta hedabideko jabeetako batek sinatuta. Augsteinen hitzetan, "Carles Puigdemonten atxiloketa lotsagarria da. Espainiarentzat. Europarentzat. Alemaniarentzat".

Augsteinek gogora ekarri du Alemaniak beste presidente kataluniar bat atxilotu zuela, Espainiaren esku uzteko. "Lluis Companysek independentzia aldarrikatu zuen 1934an. Atxilotua eta epaitua izan zen. Ezkerraren garaipenaren ostean aske utzi zuten, Francoren kontra borrokatu zen, Frantziara egin zuen ihes, eta Gestapok atxilotu zuen bertan, Espainiara bidaltzeko; 1940ko urriaren 15ean exekutatu zuten".

Der Spiegel bezala, Puigdemonten estradizioaren aurka agertu da Süddeutsche Zeitung egunkaria ere. Zalantzan jarri du Puigdemont matxinadagatik estradita daitekeenik. "Matxinada delituak indarkeriaren erabilera derrigorrezkoa du Espainiako legedian, baina Katalunian ez da sekula indarkeriari buruz hitz egin. Ez behintzat kataluniarren aldetik. Espainiako poliziak izan dira kataluniarrei eraso egin zietenak joan den udazkenean, erreferendumean bozkatu nahi zutenean".

Egunkariaren iritziz, Alemaniak baztertu egin beharko luke Espainiaren estradizio eskaria. "Bere helburu politikoak lortzeko bitarteko baketsuak erabiltzen dituen politikariak ez luke espetxera joan behar".

Jarrera neutroagoa agertu du Fraknkfurter Allgemeine-k. Gertakarien azalpen bat egitera mugatu da, eta nabarmendu du, Alemaniako Gobernuaren iritziz, Kataluniako auzia "ordena juridiko eta konstituzional espainiarraren barruan" konpondu behar dela.

Alemaniatik kanpo ere izan dira Espainiaren jarrera kritikatu duten hedabide entzutetsuak. Erresuma Batuko The Times-ek atzo argitaratu zuen Espainia berriz ere izenburuko editoriala. Artikuluak Madrilen jokabidea gaitzetsi du, eta ziurtatu du Espainiak Kataluniako ordezkari independentisten aurka hartu dituen neurriekin "autoritate morala" galdu duela. "Madrilek beldur existentziala die sezesionistei, ez bakarrik Katalunian, baita Euskal Herrian ere. Hala ere, hori ez da arrazoia mugimendu independentista baketsu eta apur bat kaotikoa armada matxino arriskutsutzat hartzeko".

The Times-en esanetan, Madrilek "bere aurkariekin hitz egiten hasi behar du, eta horiek espetxean sartzea bilatzeari utzi".

Danimarkako Jyllands Posten egunkariak zalantzan jarri du Espainian botere banaketarik ba ote den. "Espainia zuzenbide estatua ote den galde diezaiokegu geure buruari. Kataluniarrei jazartzeko gobenuaren eta epaitegien artean agenda bateratua dagoela dirudi. Susmoa hor dago, eta hori ez da ona".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna