Baliteke estradizio eskaria ukatzea, Puigdemont galdekatu duen epailearen esanetan

Kataluniako presidente kargugabetua espetxean uzteko agindu duen autoan adierazi du epaileak badaudela, "zalantzarik gabe", Espainiaren estradizio eskaria baztertua izan daitekeen "zantzuak". Madrilek nabarmendu duenez, euroaginduen sistema Europako Batasuneko herrialdeen "elkarren arteko konfiantzan" oinarritzen da.

Furgoneta bat Neumunsterreko espetxean sartzen. /
Furgoneta bat Neumunsterreko espetxean sartzen. / Srdjan Suki/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko martxoak 27

Carles Puigdemontek Neumunsterko epaitegi batean deklaratu zuen atzo, eta epaileak hura espetxean mantentzea erabaki zuen, Schleswig-Holstein landerreko Justiziak Espainiaren estradizio eskaria aztertu bitartean. argudiatu du Puigdemontek "ihes egiteko arriskua" dagoela.

Kataluniako presidente kargugabetua Poliziaren zaintzapean izateko agintzearekin batera, epaileak zalantzan jarri zuen Espainiako estradizio eskariaren egokitasuna, Alemaniako hainbat hedabidek nabarmendu duten esaldi batean: "Zalantzarik gabe, atxilotze agindu europarrak baditu hainbat zantzu adierazten dutenak ezen, gai judizialak osorik aztertu ondoren, litekeena dela pertsona jazarriaren estradizioa ukatua izatea".

Estradizio eskariaren gaineko erabakia ez dagokio Neumunsterko epaitegiko epaileari, Schleswig-Holstein landerreko justiziari baizik. Hala ere, epaileak estradizio eskariaren egokitasuna zalantzan jartzen duen esaldi hori autoan jaso izanak atentzioa eman die zenbait hedabideri. Esaterako, Der Spiegel agerkariak adierazi du esaldia "ezohikoa" dela eta Madrilentzat "kezkarako arrazoi" izan daitekeela.

Madrilek, Europari mezua

Espainiako Gobernuak nazioarteari begirako mezua eman du gaur, Iñigo Mendez de Vigo bozeramailearen bitartez. "[Kataluniakoa] Ez da Espainiako auzia; legea urratzea Europako Batasunari eraso egitea da". Mendez de Vigok ziurtatu du ordezkari independentistak ez daudela ideia politikoengatik auzipeturik. Nabarmendu duenez, euroaginduen gaineko erabakia Europako Batasuneko herrialdeen "elkarren arteko konfiantzan" oinarritzen da, eta kideek ez diote elkarri "kontrol politikorik" ezarri behar.

Mendez de Vigok adierazi du Espainia euroagindu sistemaren bultzatzaile izan dela, eta sistema horren bidez estradizioa gauzatzea "erraztu" dela "erakunde judizialen artean", "gobernuen esku hartzerik gabe".

NBEk Espainiari eginiko galdeari buruz ere mintzatu da Espaniako Gobernuko bozeramailea. Garrantzia kendu dio adierazpenari, eta gaineratu du NBEren Giza Eskubideen Komitea ez dela "epaitegi bat".