Palestina

Palestinarren hilketen ikerketa independentea eskatu du NBEk

Hamasei pertsona hil, eta ehunka zauritu eragin ditu Israelgo armadak, ostiralean Gazako mugan izan diren protesta jendetsuetan. Mahmud Abbasek babesa galdegin dio nazioarteari. Netanyahuk zorionak eman dizkio armadari.

Larunbateko protesteta zauritutako gazte bat. MOHAMMED SABER / EFE
mikel p ansa
2018ko martxoaren 30a
18:07
Entzun

Hurrengo egun eta asteetan Gazan egoerak okerrera egingo ote duen beldur da NBE, eta Israeli eskaera egin dio, "indar hilgarririk" erabili ez dezan; umeak eta adingabeak ez hiltzeko ere eskatu dio. NBEren Segurtasun Kontseiluak larrialdiko bilera bat egin du ostiralean bertan, eta "ikerketa egoki bat" egiteko eskatu du, Gazako mugan zer gertatu den argitzeko.

Gazaren eta Isralen arteko mugan protestak antolatuak zituen mugimendu palestinar batek egunotarako eta datozen asteetarako. Lurraren Eguna zuten ostiralean, eta maiatzaren 15ean Nakba izango da, "hondamenaren eguna". Sei astez egin nahi zuten protesta baketsu bat, errefuxiatuek beren lurretara itzultzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko —Nazio Batuen Erakundeak 1948an aitortu zien errefuxiatuei itzultzeko eskubidea; Gazako mugan bi milioi palestinar inguru bizi dira, eta horietatik %70 inguru errefuxiatuak dira, Israelek beren lurretatik botatako pertsonak—.

Ostiralean milaka biltzen hasi ziren Gazako mugaren ondoko bospasei puntutan; iturri batzuen arabera, 40.000 lagun ere elkartu ziren. Kanpalekuak jarri, eta sei astez mugan irauteko prestatzen hasi ziren; Itzulera Handiaren Martxa deitu diote protestari, eta mugimendu baketsu bat zela adierazi dute antolatzaileek. Hamas, Fatah, Jihad Islamikoa eta beste hainbat talderen sostengua jaso du.

Protesta hasi eta laster, ordea, Israelgo armadako tiratzaileak suzko armaz tiroka hasi ziren manifestarien aurka, baita gas negar-eragilea jaurtitzen ere. Gutxienez hamasei pertsona hil dituzte. Zaurituak asko dira, 1.400 edo gehiago, iturri batzuen arabera; horietatik 800 inguruk bala zauriak leuzkakete.

NBEk hainbat txosten jaso ditu, dagoeneko, gertakarien inguruan, eta denak aztertzen ari dela jakinarazi du. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia ere mintzatu da auziari buruz; "oso kezkatua" dagoela esan du, eta hark ere "ikerketa independente eta garden bat" egiteko eskatu du. Federica Mogherini Europako Batasuneko Atzerri gaietarako kontseilariak ere bat egin du eskaera horrekin; munizioaren erabilerak halako ikerketak eskatzen dituela erantsi du. Guterres urrunago ere joan da, ordea, eta irakurketa politikoago bat erantsi dio: "Bake prozesua biziberritzeko premiari indarra ematen dio tragedia honek".

Nazioarteko kritika oldea iritsi zaio Israeli. NBEren eta EBren ikerketa eskariez aparte, Turkiak, Qatarrek, Jordaniak eta beste zenbait herrialdek ere salatu dute militarren jokabidea eta herritarren aurka balak erabiltzea. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, kritika olde horren erdian, zorionak eman dizkie soldaduei, beren herrialdea babesten ari direla iritzita: "Ongi egina". "Israelgo mugak zaintzen ari dire soldaduengana doa nire errespetua", erantsi du. Ikerketa independenteak eskatzen ari direnak oker daudela erantsi du, Hamasek nahastu egin nahi dituelako.

Dolua eta greba

Ostiralean hamasei palestinar hil ondoren, larunbata dolu eguna izendatu du Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak; nazioarteari babes eskari bat ere zuzendu dio, Israelek protesta baketsu baten aurka egin duela nabarmenduta. Bestalde, grebara deitu dute larunbat honetan; lan eguna da, berez, palestinar gehienentzat, eta eskolak, unibertsitateak, erakunde publikoak eta dendak ixtera deitu dute Jerusalemen, Zisjordanian eta Gazan.

Hileta eguna ere izan da larunbata palestinarrentzat. Hamasei hildakoak lurperatzeko eta gogoratzeko eguna; gazteak dira guztiak, 38 urtez azpikoak, eta, tartean, batzuk adingabeak ere bai. "Mendekua" eskatu dute oihu batzuek, hileta horietan. Oraindik zaurituak badira ospitaleetan, eta hogeiren bat larri omen daude, iturri batzuen arabera.

Larunbat honetan ere izan dira istilu batzuk mugan kanpatuta daudenen eta soldadu israeldarren artean, baina ezer ez ostiralekoaren neurrikorik. Dozenaka herritar zauritu dituzte militarrek, baina ez da hildakorik izan, orain arteko informazioen arabera.

Israelgo armadak ukatu egin ditu akusazioak, eta zaurituen kopurua puztu egin dutela erantsi du. Mugimendu baketsu bat denik zalantzan jarri, eta "jarduera terrorista bat" dela zabaldu du. Muga arriskutsua dela, eta muga zaintzeko lanean besterik ez dela ari erantsi dute militarren bozeramaileek. Molotov koktelak, harriak eta bestelakoak jaurti zizkietela adierazi du, eta tiratzaileek erantzun egin zietela manifestariei.

Bideo bat zabaldu da azken orduetan, ordea, erakusten duena soldadu israeldarrak manifestari babesgabeei bizkarretik tiroka aritu zirela. Palestinarren aldeko iturriek salatu dute, bestalde, tiroz hildako pertsonek gerritik gora zituztela bala zauriak. Hildako bati buruan tiro egin ziotela salatu du haren anaia batek.

Martxoaren 30a Lurraren Eguna izendatua dute palestinarrek. 1976an, lurren konfiskazioaren kontrako protestetan, Israelek sei palestinar hil zituela gogoratzen dute. Protesta sei astez luzatu nahi dute, maiatzaren 15era arte. Kanpin dendak jarri dituzte Gazako mugaren inguruko bost puntutan. Maiatzaren 15ean, Nakba (Hondamendia) eguna oroitu ohi dute palestinarrek; 1948an, estatu israeldarra eratzeko milaka palestinar haien lurretatik kanporatu zituzten eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.