Kataluniako CDRei matxinada leporatzea aztertzen ari da Auzitegi Nazionaleko fiskaltza

Kataluniako Errepublikaren aldeko jarduna eta "bortizkeria" lotu dituzte, beren azkeneko adierazpenetan, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek. Mugimendu baketsua direla gogoratu dute Errepublikaren Defentsarako Batzordeek.

Langile batzuk, CDRek AP-7 autobidean kendutako langak berriro jartzen, igandean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
2018ko apirilaren 2a
07:15
Entzun

Matxinada delitua egoteko, Espainiako legeen arabera, bortizkeria gertatzea beharrezkoa da. Hori da, besteak beste, prozesu independentistaren buruzagiei leporatzen dietena, eta Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, orain arteko bere autoetan, frogatu nahi duena: mugimendu bortitza izan zela Katalunian independentzia lortzeko ahalegina egin zuena.

Orain CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeetan jarri du jopuntua justiziak. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu du ekimena. Azkeneko asteetan batzorde horiek egiten ari diren protestak "onartezinak" direla adierazi du auzitegiak berak. Duela bi aste bost politikari katalan espetxean sartu zituztenez geroztik, CDRak kalera eta errepideetara atera dira, eta protesta ugari egiten ari dira. Azkeneko egunotan, adibidez, ordainpeko errepide batzuetan, ordainlekuetako langak altxatu dituzte, autoak pagatu gabe pasa zitezen.

"Ekintza bandalikotzat" hartu ditu Auzitegi nazionaleko Fiskaltzak; eta haien bultzatzaileak justiziaren aurrera eraman behar direla azaldu du. "Bake publikoa eta ordena konstituzionala arriskuan jarri dituzte, baita sistema demokratikoaren beraren muina bera ere", salatu du fiskalak, prentsa ohar batean.

Fiskalaren oharraren arabera, "deliturik larrienengatik auzipetuta dauden pertsonak goratzen" ari dira CDRen protesta horietan, eta horretarako "indarkeria" erabiltzen ari dira gainera. Orain arteko akusatu guztiei bezala CDRetako kideei ere matxinada delitua egozteko, beharrezkoa litzateke indarkeria erabili izan. "Irmo" arituko dela aurreratu du fiskalak.

Espainiako hiru alderdi nagusietako ordezkariek CDRen jarduera kritikatu ostean iritsi da fiskaltzaren oharra. Javier Maroto PPkoak, RNEk egin dion elkarrizketa batean, esan du "kale borroka" ekartzen diotela gogora CDRen jarduteko moduek: "Euskal politikan bizitu genuenaren okerrena gogorarazten didate". Mossoei leporatu die beren lana behar bezala ez egitea.

Pedro Sanchez PSOEkoak eta Albert Rivera Ciudadanosekoak, ordea, PPren gobernuari egotzi diote CDRen aurka behar beste ez egitea.  Albert Riveraren esanetan, "komando bortitzak" dira CDRak, eta aste santuko opor egunotan mugikortasuna oztopatzen aritu dira. "Segurtasuna eta mugikortasuna bermatzeko" eskatu dio gobernuari. Pedro Sanchezek, berriz, "PSCren egoitzen aurkako eraso bandalikoak" eta bide mozketak geldiarazteko eskatu dio Rajoyri.

Xavier Domenech En Comukoak, berriz, La Vanguardia-ri emandako elkarrizketa batean esandakoak zuzendu ditu, azkeneko orduetako gertakarien ondoren. Elkarrizketan, CDRen jarduna babesten ote zuen galdetu zioten; ezetz erantzun zuen En Comuko buruak, "gatazka bortitz baten adierazpenak" sortzen lagundu zezaketen jarduerak egokiak ez zaizkiola iruditzen azalduta. Sare sozialetan kontuak eskatu dizkiote, eta bere burua zuzendu du Domechek gaur, gaizki adierazi zuela, eta gizarte mugimenduen kriminalizazioaren aurka dagoela erantsita.

CDRek "gezurrak" eta "kriminalizazioa" salatu dituzte

Fiskaltzaren eta Espainiako alderdi nagusien erreakzioen berri izandakoan, CDRek eurek ohar bat kaleratu dute astelehen arratsaldean. Salatu dute "gezurretan" ari direla "erregimenaren alderdi politiko horiek eta komunikabideak". Gogora ekarri dute mugimendu bakezalea eta baketsua direla CDRak, eta hala izaten jarraituko dutela.

"Lotsarik gae asmatu dute ustezko kale borroka bat". Eta nabarmendu dute "bakezaletasun aktiboa" gizarte aldatzeko tresna bat dela. CDRen ustez, Espainiako nazionalistek "beldurra" dute, ikusten ari direlako herritarrak antolatzen eta protestan ari direla. "Kalean jarraituko dugu, ekintza ez bortitz eta aldarrikatzailean, gure helburuak lortu arte. Ez dute espetxe nahikorik edukiko borrokan zutik dagoen herrialde baketsu batentzat".

Puigdemont, Puig eta Ponsatiren helegiteak

Behin atxilotuta edo justiziaren esku jarrita, Espainiako Auzitegi Gorenaren auzipetze aginduen aurka helegitea jartzeko aukera zuten Carles Puigdemontek, Lluis Puigek eta Clara Ponsatik, eta hala egin dute. Llarena magistratuak haiek prozesatzeko erabakia zalantzan jarri dute, matxinada, desobedientza eta diru publikoen erabilera bidegaberik ez dela gertatu, bortizkeriarik ez zela erabili eta prozeduran akats batzuk ere izan direla salatuta.

Bestalde, espero da Schleswig-Holsteingo fiskalak astearte honetan aurkeztuko duela Puigdemonten aurkako estradizio aginduari buruzko txostena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.