Katalunia

Puigdemont entregatzeko eskatu du Alemaniako fiskaltzak

Espainiako Gorenak ezarritako irizpideekin bat egin, eta matxinada eta diru publikoak oker erabiltzea egozten dio Fiskaltzak. Kataluniako Parlamentuko Mahaiak onartu du Puigdemontek bere botoa beste norbaiten esku uztea. Audioa (albiste barruan): Puigdemontek ihes egiteko asmorik ez duela adierazi du elkarrizketa batean.

Puigdemonten aldeko kartel bat Neumunstergo espetxe atarian. /
Puigdemonten aldeko kartel bat Neumunstergo espetxe atarian. / Jens Schlueter/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko apirilak 3

Aste honetan bertan erabaki beharko lukete Alemaniako auzitegiek Carles Puigdemont presidente erbesteratuarekin zer egin, hau da, Espainiaratu edo aske utzi. Bide horretan, Fiskaltzak dagoeneko erabaki du gatazkaren zein aldetan egon, eta entrega eskatu du. Horretarako erabilitako argudioak Gorenak aurkeztutako berak dira, alegia, buruzagi independentistari matxinada eta diru funtsak bidegabe erabiltzea egozten zaizkiola.

Puigdemonti espetxean eusteko ere eskatzen du fiskaltzak txostenean, adieraziz aske utziz gero ihes egiteko arriskua "handia" dela. 

Ukatu egin du hori Puigdemontek berak. Die Linke alderdiko bi kide, Diether Dehm eta Zaklin Nastic, bisitan joan zitzaizkion aurreko astean, eta haiekin izandako elkarrizketaren audioa zabaldu dute sare sozialetan. Solasaldi horretan, Puigdemontek azaltzen die ihes egiteko asmorik ez duela, Alemaniako justiziak aske uztea erabakitzen baldin badu. Bere abokatuak egoitza bila ari zaizkio, epaileek aske utziko balute ere.

Kataluniako presidente izandakoak Die Linkeko kideei azaltzen die prozesu honetan ez dela burua defenditzen ari, baizik eta XIV. mendetik datorren instituzio baten ordezkaria dela. Zalantzan jartzen du Espainiako justiziaren independentzia eta sistema demokratikoa bera, eta nabarmentzen du mugimendu independentista guztiz baketsua eta demokratikoa dela.

Generalitateko jarduneko presidentea joan den martxoaren 25ean atzeman zuen Alemaniako Poliziak, muga zeharkatzearekin batera, eta ondoren, Neumunstergo espetxera eraman zuten eskualdeko epaileak erabaki bat hartu artean. Erabaki hori aste honetan bertan hartu beharko luke auzitegiak. Dena den, eta entregatzearen aldeko hautua egingo balu ere, hiru hilabete luza daiteke hura, helegiteak direla medio. 

Bitartean, Katalunian, Parlamentuko Mahaiak onartu du Puigdemontek bere botoa beste diputatu baten esku utzi ahal izatea. Proposamenaren alde egin dute Junts per Catalunyak eta ERCk. Erabakiak erraztu egingo luke presidentegai bat izendatzeko aukera gehiengo sinplearekin, eta CUPen babesik gabe. Baina baita Puigdemont bera izendatzeko aukera ere. Hori egitearen alde daude JxCat eta CUP; ez, ordea, ERC. 

Bestalde, lehendik ere onartua zuen mahaiak preso dauden diputatuek euren botoa delegatzea, baina gaur arte ez du halakorik egin erbestean diren Generalitateko kideekin. Dena den, Puigdemonten botoa delegatzea ez du esan nahi gauza bera gertatuko denik Toni Cominekin ere, lehena behin-behineko espetxealdian baitago. 

Mariano Rajoyren gobernuak, berriz, ez du oztopoatu orain arte preso dauden diputatuek euren botoa beste norbaiten esku utzi izana; ordea, erbestean direnen kasuan gauza bera eginez gero, helgitea jarriko duela ohartarazia du. 

Osoko bilkura

Ciudadanosek eskatuta osoko bilkura deitu du Roger Torrentek ostegunerako. Bertan Parlamentuak azken asteetan hartutako erabakiei eta inbestidurari buruzko azalpenak emango ditu ganberako presidenteak. Goizeko 10:00etan hasiko da eztabaida.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna