Gizartea

Turismoarekin "kezkatutako" herritarren plataforma bat sortu dute Donostian

'Bizilagunekin' plataformak hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatuko ditu datozen asteotan, eta manifestazioa egingo du maiatzaren 25ean

Gorka Rubio / Foku. DONOSTIAKO ALDE ZAHARRA GUNE "SATURATUA" DA OFIZIALKI
Samara Velte.
2018ko apirilaren 5a
12:12
Entzun

Opor sasoiarekin eta lehenbiziko eguzki izpiekin batera —edo haiek gabe—, turistak eta haientzako eskaintzak ugaritzen hasten dira Donostian. Gaiak polemika handia sortu du azken urteotan, besteak beste, hiriko etxebizitza turistikoen kopuruak agertzen hasi zirenetik, eta udalak haiek arautzeko ordenantza bat abiatu zuenetik. Azken urtebetean, hainbat herritar mobilizatu dira, bereziki turismoak gehien eragiten dien kolektiboak: Alde Zaharreko bizilagunak eta gazteak, besteak beste. Orain, hiri osoko herritarrak biltzen dituen plataforma bat sortu dute: Bizilagunekin. "Ikuspegi, ideologia eta jarduera desberdinetan aritzen den jendearentzako bilgunea" dela azaldu dute antolatzaileek ohar bidez, baina elementu batek batzen dituela: "Indarrean dagoen turismo ereduarekiko kezkak".

Argudiatu dutenez, gaur egun sustatzen den turismo motak "enpresa bat balitz bezala" kudeatzen du hiria: "Etekin ekonomiko zuzena ez duen guztia baztertzen da, eta bizia eta bereizgarria dena folklorizatu, ikono bihurtu eta salgai eskaini". Mozkinak lortzeko ahalegin horren ondorioz, turismoaren sektoreko lanpostuen baldintzak okertzen direla salatu dute: "Gertuko merkataritza suntsitzen ari da, souvenir eta modako multinazionalek ordezkatu dute. Zerbitzuen azpikontratazioa nagusitu da malgutasunaren eta kostuak gutxitzearen mesedetan". Horrez gain, aldi baterako lanpostuak edo kontraturik gabekoak sarri erabiltzen dira, Bizilagunekin plataformaren arabera. Etxebizitzen prezioaz ere kexu da plataforma: bigarren eskuko etxe baten metro koadroak, batez beste, 4.217 euro balio ditu gaur egun Donostian —alderatzeko: Bilbon 2.850 euro dira, Iruñean 1.980 eta Gasteizen 1.973—. Bizilagunakekin-eko kideen arabera, geroz eta gehiago dira erdigunetik periferiako auzoetara edo inguruko herrietara bizitzera joan direnak.

"Ez daukagu ezer bere oporraldietan Donostia bisitatzen duten pertsonen aurka", nabarmendu du plataformak. Turisten ardura baino, "inbertsoreen eta haiei ate guztiak zabaltzen dizkieten arduradun instituzionalen" ardura dela azaldu du. Horregatik, maiatzaren 25ean manifestazioa egingo dute kezkatutako herritarrek, 18:30ean Saguesetik abiatuta, Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.