Bakegintza. Foroa

Urrunago eta lasterrago joatea eskatu dute Miarritzeko Bake Foroan

Euskal presoen gaian Frantziako Justizia Ministerioarekin daramaten elkarrizketa espazioan lanean dihardutela eta egoera "desblokatua" dela adierazi du Bake Bideko kide Anaiz Funosasek, baina gaineratu du oraindik badela lana; "urgentzia" egoera azpimarratu du Jean-Noel Etxeberri bakegileak, eta urrunago eta lasterrago joan behar dela berretsi.

Anaiz Funosas, Txetx Etxeberri eta Jean-Rene Etxegaraieta, goiz honetan, Miarritzeko Bake foroan. /
Anaiz Funosas, Txetx Etxeberri eta Jean-Rene Etxegaraieta, goiz honetan, Miarritzeko Bake foroan. / Bob Edme

Nora Arbelbide Lete -

2018ko apirilak 7

Badela oraindik egiteko. "Batzuetan, oztopo administratiboak oztopo politikoak baino zailagoak dira gainditzeko", aitortu du goiz honetan Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez, Euskal Elkargoko presidente eta bakegileak. Bake foroaren karietara mintzatu da Etxegarai, beste hainbat hizlariren artean. Armagabetzea urte bat geroago izenburupean, atzo hasi zuten foroa. Gaurko eguna euskal presoei buruzkoa zuten, bereziki Frantziako Estatuko presoena.

Presoen gaia funtsezkoa dela berretsi du Etxegaraik. EPPK-ko ordezkariekin bildu dela iragarri du duela bi hilabete, beste parlamentariekin. Goizean mintzatu da Harold Good Ostiral Sainduko Akordioen (1998) ezartze lanetan parte hartu duen irlandar apeza, eta haren hitzak baieztatu ditu Etxegaraik: "Goodek erran du: presoak bakearen giltzak dira. Presoak ez badira prozesuaren barne sartzen eta ez badira engaiatzen, ezinezkoa da hitzarmena. Bada, ni horretaz aski berriki naiz konbentzitu". Eta horregatik dela joan kolektiboko presoen ikustera. "Ez dugu bakea eraikiko kontakizun guztiak ezagutu gabe. Eta presoen kontakizuna inportantea da".

Horiek horrela, "aitzinatzen ari gara", nabarmedu du Etxegarai. Besteak beste, DPS estatus berezia bederatzi presori kendu zaiela. Bederatzi preso hurbildu direla, eta beste zenbait aurki hurbiltzekoak direla. Baina, halere, "lortuarekin ez gara satisfos", azaldu du Etxegaraik, eta hori erraten dietela Frantziako Justizia Ministeriora joaten direlarik. Beste bilkura bat ukaitekoa dute, baina datarik ez dute oraindik. Baina egoera haiekin dituzten harremanak direla eta: "Presondegi administrazioa zer den ulertzekoa ematen digu horrek. Nola funtzionatzen duten presondegiek. Boterea ez dela uste dugun lekuan".

Adibide bat emazte presoena da. Bake Bideko Anaiz Funosasek aitortu du horien kasuan ez dela hurbiltzeko soluziorik gaurko egunean, ez baita, ez  Lannemezango presondegian, ez Mont-de-Marsangoan, emazte presoentzako espazio antolaturik. Eta salatu du hori bera aski adierazgarria dela emazte presoak tratatzeko moduaz. 

Hori bai, ministerioarekin abiatu elkarrizketa espazioa beti hor dagoela berretsi du Funosasek,  "egoera desblokeatua da". Baina kontua orain dela ulertaraztea, nolabait, "urgentzia" egoera; hala azpimarratu du Jean-Noel Etxeberri bakegileak. Eta ministerioa urrunago eta lasterrago joan behar dela berretsi du. Denbora bake prozesuaren aurka doala.

Frantziako Estatuan, iaz, 74 preso ziren, 15 emazte barne, 24 espetxetan. Orain, 53 preso dira, 13 emazte, 20 espetxetan. Urte batean, 21 preso gutxiago. Baina zigor guztiak osoki beteak. Hori ere gogoratu du goizean Xantiana Cachenaut abokatuak.

Aitzineko egunetan pentsa bazitekeen iragarpen batzuk eginak izanen zirela gaur goizeko hitzorduan, azkenean ez da horrelakorik izan. Kontua da orain arte Bakegileek ez zutela egin balorazio ofizialik Frantziako Justizia Ministerioarekin abiatu elkarrizketa espazioaz, justuki, interpretazio arazoak izaten baitzirelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna