Adarra Saria

Aurtengo Adarra saria, Anarirentzat

Ekainaren 21ean jasoko du saria, eta, segidan, kontzertua eskainiko, Viktoria Eugenia antzokian. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Anari, artxiboko irudi batean. /
Anari, artxiboko irudi batean. / Marisol Ramirez/Foku

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2018ko apirilak 11

Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008) izan zen lehena Adarra saria jasotzen, 2014an. Sei urte baziren hila zela, eta Donostiako Udalak haren ibilbide oparoa saritu nahi izan zuen. Segidan etorri ziren Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956), Benito Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1942) eta Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1963), hurrenez hurren. Oholtzara igotzen dira oraindik ere hirurak; Viktoria Eugeniako oholtzan jaso zuten sariaren ikurra: Marijose Rekalde artistaren brontzezko eskultura. Anari Alberdiri (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970) egokitu zaio aurten sari hori jasotzea, gaur bertan jakinarazi dutenez. Hala, Adarra saria eskuratuko duen lehen emakumea izango da.

Duela 21 urte

Musikariaren ibilbideari ematen zaio Adarra saria, eta 21 urte badira Anari (Esan Ozenki, 1997) diskoak argia ikusi zuela. Horixe izan zuen bakarkako lehen lana. Hamar kanta euskaraz, bere ahotsa eta gitarra. Eta Xabi Strubell (gitarrak) eta Mikel Abrego (bateria). Ordura arte, bateria Anarik berak jo izan zuen ingelesezko kantak kantatzen zituen Psych Out taldean. Lorez hartu zuen Anari diskoa kritikak.

Bideoa: Galderak

Hiru urte geroago etorri zen Habiak (Esan Ozenki). Disko horretan aritu zen lehen aldiz berekin gaur arte ondoan izan duen Xabier Olazabal Drake baxu jolea.

Bideoa: Habiak (Ambrosse Films)

Zebra (2005, Metak) eman zuen gero. “Erreakzio disko” gisa definitu zuen gerora: “Habiak-en kontra eginikoa da”. Rockeroagoa zen Zebra. Akorde minorretatik maiorretara pasatua zen. “Ziklo baten amaieran nagoen sentipena daukat”, adierazi zuen musikariak hirugarren lan hura aurkeztu berritan. Kritikak ez zuen gaizki ikusi eboluzioa; loreak areagotu egin ziren.

Bideoa: Aingura hegodunak (La Furia)

Irla izan (2009, Bidehuts), Zure aurrekari penalak (2015, Bidehuts) eta Epilogo bat (2016, Bidehuts) izan ditu ondorengo lanak. Narratiboagoak izan dira aurrekoak baino. Poesia kantatua egitera iristeraino. Abregorekin, Drakerekin eta Borja Iglesiasekin. Azken bi diskoetan, Mariano Hurtadorekin ere bai, pianoan eta teklatuan. “Anari gara” aroa, bete-betean. Harriak eta minari eta bakardadeari eskainitako ereserkiak; eta piromanoak eta autodefinituak egiten dituzten baleak, oreinak, narraztiak eta bestelako animalia izu eta ederrak. Hamaika zuzeneko ekinaldi, eta kantari bihurtu ohi diren entzule bete kontzertu. “Urteak pasa arren publikoarekin harreman zuzen eta iraunkor hori mantendu ahal izatea opari bat da”, zioen duela urtebete. Kontzertuotan, egun, Ander Mujika aritzen da Iglesiasen ordez.

Bideoa: Oreinak (Zuzenean Bonberenean)

Bideoa: Nola galdu (Twobaskos Sessions)

Estudioko lanez gain, zuzeneko bi disko grabatu ditu Anarik: 2007ko martxoaren 31n Bilboko Kafe Antzokian (2008, Bidehuts) eta Bidea eta denbora (2013, Bidehuts). Hainbat disko kolektibotan ere parte hartu izan du. Eta Bidehuts zigiluaren sortzaileetako bat ere izan zen 2007an, Inoren Ero Ni eta Lisabo taldeetako kideekin batera.

Bideoa: Haize eza

Ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean jasoko du Adarra saria. Segidan, kontzertua eskainiko du Viktoria Eugenia antzokian bertan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna