Zinema

Sarrionandiaren literatura film luze bilakatuko dute hamabi zinemagilek

Adabaki Ekoizpenak dabil proiektua bultzatzen, eta idazlearen unibertso “poliedrikoa” azaleratuko duten hamabi pieza izango dituen puzzle batekin parekatu dute pelikula. Gure oroitzapenak deituko da, eta udazkenean estreinatu nahi dute.

'Gure oroitzapenak' filmaren fotograma bat. ADABAKI EKOIZPENAK
Inigo Astiz
2018ko apirilaren 11
13:43
Entzun

“Film honetan erakutsiko da Joseba Sarrionandiaren unibertsoa, baina hamabi zinemagileren begiradatik ikusita”. Hilabeteak daramatza Adabaki Ekoizpenak etxeak proiektuan murgilduta, eta, lana erabat amaitu gabe dagoen arren, esku artean darabilten proiektuaren berri eman nahi izan dute Hibai Castro, Lutxo Egia eta Mikel Arredondo ekoizleek. Hamabi zinemagilek hartuko dute parte egitasmoan, eta Sarrionandiaren literatura hartuko dute oinarri guztiek. 90 eta 100 minutu arteko lana izango da, Gure oroitzapenak deituko da, eta udazkenerako egin nahi lukete estreinaldia.

Making of-a egin dute publiko oraingoz, eta filmean parte hartuko duten hamabi zinemagileen izenak ere aurreratu dituzte ekoizleek: Oskar Alegria, Ozcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Quintela eta Maialen Sarasua. Bakoitzak beretik, baina idazlearen unibertsoa da guztiek erakutsiko dutena.

[vimeo]https://vimeo.com/264124171[/vimeo]

Erabat aske aritu da zinemagile bakoitza, baina filmak koherentzia orokor bat izango duela ere zehaztu dute ekoizleek. Testuak izan dituzte abiapuntu zinemagileek, baina nork bere begirada eskaini die gero. Fikzioa izango da nagusi pelikulan, baina izango dira dokumental itxurako pasarteak ere, eta baita musikal formatuko txatal bat, eta animazio pasarte batzuk ere. Egiaren hitzetan, ordea, guztiek emango dute Sarrionandiaren unibertsoaren berri. “Unibertso horretan Sarriren gai asko sartuko dira: itsasoa, portua, haurtzaroa, deserrotzea, mina, tortura... Bere unibertsoan dagoen guztia”.

Euskal Herriko egileez gainera, zuzendarien zerrendan badira nazioarteko hainbat izen ere. Turkiakoa da Alper, esatereako, AEBetan bizi den frantziarra da Green eta Kuban aritzen da Quintela. Eta filmak izango dituen kokapenetan ere ikusten da lan taldearen ezaugarri hori, zeren eta, besteak beste, Kurdistan, Paris, Lehen Mundu Gerrako Baigorri eta 80ko hamarkadako Bilbo erakutsiko baititu pelikulak. Sarrionandiaren lanak duen aldi bereko bertakotasuna eta unibertsaltasuna nabarmendu ditu horregatik Castro ekoizleak.

Aurrekontu txikia eta inplikazio pertsonala

“Txikia” da ekoizle taldeak esku artean darabilen aurrekontua, baina, zehaztu dutenez, propio sentitu dute proposamena zinemagile guztiek, eta inplikazio pertsonal eta auzolan horri esker egin ahal izan dute aurrera. “Dela Sarrionandia ezagutzen dutelako edo bere literatura maite dutelako, jendeak oso bere egin du proiektu hau”, azaldu du Arredondok.

Sarrionandiak berak hasieratik izan du filmaren berri, eta beste hainbat laguntzaile ere izan dituzte bidean. Zenbat Gara elkarteak, Gastibeltza zinema ekoizpen etxeak eta Elkar argitaletxeak hasieratik izan dituzte bidelagun, esaterako, eta horrez gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Iurretako Udalaren diru laguntza batzuk jaso dituzte. Laguntza bide gehiago irekitzea da da orain ekoizleen asmoa.

Irudi poliedrikoa

Egiaren hitzetan, poliedrikoa da Sarrionandiaren literatura, eta hor dago idazlearen benetako erretratua. Azaldu duenez, ordea, zinema falta zitzaion haren lanari. "Guk ikusten genuen Sarriren obra eta iruditeria aberatsa eraman dela kulturaren hainbat diziplinatara, besteak beste, hamaika kanta sortu dira bere poemetatik, Sarri egon da antzerkian, dantzan, saiakeran, baita zeharbidez ere ikusentzunezkoetan, baina beharbada falta zen hau, eta horregatik nahi batetik eta gogo batetik abiatuta, Sarriren literaturatik abiatuta film bat osatu nahi izan dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.