GIZARTEA

Kontratu publikoen foru legea onartu du Nafarroako Parlamentuak

Legearen kontrako botoa eman dute UPNk eta PPk, enpresetan euskara plana egiteko beharra ezarriko duelako.

UPN eta PPren kontrako botoekin ere, aurrera atera da kontratu publikoen legea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2018ko apirilaren 12a
13:46
Entzun

Administrazioak enpresa pribatuekin egin beharreko kontratazioak arautu eta "klausula sozialak eta etikoak" ezarriko dituen foru legea onartu du Nafarroako Parlamentuak. Lauko gobernuari eusten dioten taldeek —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra— eman dute proiektuaren aldeko botoa, eta legealdiko "legerik garrantzitsuenetako bat" dela nabarmendu dute. PSNk ere baiezko botoa eman du, euskara eskakizunei buruzko xedapen gehigarriarekin bat etorri gabe ere.

Legea indarrean jartzen den unetik aurrera, administrazio publikoarekin kontratu bat sinatzeko garaian, ez da lehentasun izanen eskaintza ekonomiko handiena egitea, paradigma berria ezarriko baitu arauak. Besteak beste, "klausula sozialak eta ingurumenari buruzkoak" ezarri beharko dituzte, eta bete beharrekoak izanen dira kasu guztietan. Euskara plana ere egin beharko dute administrazioarekin kontratu bat sinatu nahi duten enpresa pribatuek.

Nafarroako sindikatu guztiek bat egin dute lege proiektuarekin, UGTk izan ezik.

Hain zuzen, euskarari eginiko erreferentzia izan da UPNren eta PPren haserrea piztu duena. UPNren izenean, Juan Luis Sanchez Muniainek aitortu behar izan du foru lege berria "oso garrantzitsua" izanen dela, eta "aurrerapen ugari" ekarriko dituela. Baina euskarari buruzko klausula bat ezartzea nahikoa izan da, erregionalisten kontrako botoa eragiteko: "Galbidera eraman duzue legea, zuen fanatismo nazionalista edonon sartzeko tema horrekin. Hemendik aurrera, euskara plan bat egiteko beharra ezarriko diezue administrazioarekin lan egin nahi duten enpresa guztiei, jendaurreko arreta zerbitzua baldin badute. Murchanteko Kultur Etxea kudeatzeko, adibidez, ezinbestekoa izanen da euskara plana egitea, herri horretan inork inoiz euskarazko ekitaldirik eskatu ez badu ere".

Argudio bertsuak erabili ditu PPko Javier Garciak: "Euskara inposatu duzue hezkuntzan, euskara inposatu diezue funtzionarioei eta euskara inposatu duzue bide seinaletan ere. Hori guztia nahikoa ez, eta enpresei ere inposatu nahi diezue euskara".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.