Enpresak

Ibermaticak 500 lanpostu sortu nahi ditu 2020rako

IDS Industrial ingeniaritza enpresa erosi du, eta beste konpainia bat erosi nahi du aurten.

Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 12a
12:59
Entzun

Helburu handinahiak jarri dizkio bere buruari Ibermaticak. Azken bi urteetan 235 milioi euroren bueltan fakturatu ondoren, 2020rako 275 milioi eurora iritsi nahi du (+%17). Hori egiteko modu bat enpresak erostea izan da. Martxoan hasi da, Bergarako IDS Industrial ingeniaritza enpresa erosita. Industriako lantegien automatizazioan eta informatizazioan jarduten du IDSek, eta 25 langile ditu.

Aurten beste bat erosi nahi dute, "Espainian", Juan Ignacio Sanz Ibermaticako kontseilari ordezkariak Bilbon azaldu duenez. Beste enpresa batekin proiektu komun batean elkartu nahi du Ibermaticak —joint-venture bat—, baina Sanzek ez du argitu zeinekin.

Ibermaticak bederatzi milioi euro irabazi zituen iaz (8,9 milioi, 2016an), eta 3.200 langile enplegatzen zituen 2017. urtearen amaieran (2016an baino 50 gehiago). Erosketen eta hazkunde organikoaren bidez beste 500 langile izan nahi ditu 2020rako.

Bezero handientzat egiten du lan Ibermaticak, hala nola, Kutxabank, ONCE, Santander, BBVA eta Telefonica. Pro A Capital inbertsio funts espainiarra du akziodun nagusi (%55) eta gainontzeko akzioak banatzen dira Kutxabanken, ONCEren eta zuzendaritza taldearen artean (%15, bakoitzak). Sanzek onartu du litekeena dela hurrengo urteotan Pro A Capitalek bere parte-hartzea saltzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.