argazki bilduma

World Press Photo sariak emango dituzte gaur gauean

Argazki kazetaritzaren munduko sari nagusia 61 urte bete ditu aurten. Epaileek 70.000 argazki baino gehiago ikusi dituzte aurtengo irabazleak erabakitzeko.

Boko Haram taldeko kideek Maidugurin (Nigeria) bahituriko nesken erretratuen saila. Aishak ihes egitea lortu zuen. ADAM FERGUSON, THE NEW YORK TIMES
Edu Lartzanguren.
2018ko apirilaren 12a
17:21
Entzun

Amsterdamen egingo duten ekitaldian zabalduko dituzte aurtengo World Press Photo lehiaketako irabazleen izenak, gaur, 22:30etik aurrera.

Lehiaketak 1955. urtetik egiten dute, eta, aurten, prozedura aldatu dute: otsailaren 14ean, izendatuen zerrenda argitaratu zuten, lehen aldiz, zortzi kategorietarako: Gai garaikideak, Ingumena, Albiste orokorrak, Epe-luzerako ekimenak, Natura, Jendea, Kirola eta Uneko albisteak.

Magdalena Herrera argazkilari kubatarra aritu da aurten epai-mahai buru gisa. Epaileek 73.044 argazki aztertu dituzte, 4.548 argazkilarik aurkeztutakoak. Hiru astez aritu dira lan horretan, urtarrilaren 13tik.

Boko Haram taldeak Nigerian bahituriko neskak, Mosulgo (Irak) borrokak, rohingya errefuxiatuak Myanmarren, Venezuelako protestak eta Londresko Westmisterko zubian autoz eginiko erasoa dira sarirako izendaturiko argazkien gaiak, besteak beste.

Iaz ika-mika sortu zuen lehiaketak. Andrei Karlov Errusiak Turkian zuen enbaxadorearen hiltzailea pistola eskuetan agertzen zuen argazkiari eman zioten saria. Stuart Franklin epai-mahaikideak ez zion saria eman nahi irudiari, hura saritzea hiltzaileari "publizitatea" egitea zelakoan.

Euskal argazkilari bat izan zen protagonista 2016ko sarietan: Daniel Otxoa de Olza. Bi sari eman zizkioten bi ataletan. Argazki irabazle sail horietako batean, 2015ko azaroaren 13an Parisen eginiko erasoaren biktimen irudiak agertzen ziren. Herritarrek kalean utzitako argazkiak ziren, eta Otxoa de Olzak irudiei egin zien erretratua, euriak gainean utzitako arrastoak nabarmenduta. Gerora, sari hura atzera bota zuten World Press Photoren antolatzaileek, lehiaketaren oinarriek besteen irudiak erabiltzea debekatzen zutelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.