Katalunia

Kataluniako Parlamentuak Llarenaren kontrako kereila aurkeztea onartu du

Prebarikazio delitua leporatuko dio Auzitegi Goreneko epaileari, Jordi Sanchez JxCko diputatuari gaur egitekoa zen inbestidura saioan parte hartzea galarazteagatik.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, gaur, parlamentuko mahaiko bileran. /
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, gaur, parlamentuko mahaiko bileran. / Quique Garcia/EFE

Berria -

2018ko apirilak 13

Kataluniako Parlamentuak auzitara eramango du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailea. Roger Torrent parlamentuko presidenteak epailearen kontrako kereila aurkeztea proposatu du mahaiaren gaurko ezohiko bileran. JxCko eta ERCko ordezkariek babesa adierazi diote neurriari, eta parlamentuak salaketa aurkeztuko du, Llarenari prebarikazioa egotzita. Neurriaren kontra bozkatu dute Ciutadansek eta PSCk.

Parlamentuko letraduek kereila ez aurkeztea gomendatu dute, haren bideragarritasuna eta interes orokorreko izaera zalantzazkoak direla iritzita. Horrez gain, nabarmendu dute parlamentuko zenbait talde politiko salaketa jartzearen aurka daudela, eta beste bide batzuk dituztela aldekoek epailea auzitara eramateko; salaketa taldeen izenean ala Jordi Sanchezenean aurkeztuta, kasu.

Dena den, kereila prestatzeko agindu die parlamentuko mahaiak letraduei. Azken horiek ohartarazi dute ez direla aditu zuzenbide penalean.

Marta Rivas Catalunya En Comu-Podemeko ordezkariak kanpo azterketa bat eskatu du, kereilaren bideragarritasuna aztertzeko. Hori argitu artean, Auzitegi Gorenean kexa formala aurkeztea proposatu du.

Torrentek baztertu egin du kereilaren bideragarritasunari buruzko azterketa, baina onartu egin du kereila prestatu bitartean auzitegian kexa formala aukezteko proposamena.

Espainiako Gobernuak Torrenti ohartarazi dio parlamentuaren izenean Llarenaren kontrako kereila jartzea delitua izan daitekeela, diru publikoaren erabilera bidegabearekin lotu daitekeela iritzita.

Auzitegi Goreneko epaileak NBEren eskariari muzin egin eta Jordi Sanchez JxCko diputatuaren eskubideak urratu dituela ohartarazi dute alderdi independentistek. NBEren Giza Eskubideen Komiteak Sanchezen eskubide politikoak bermatzeko "berrezko neurriak" har ditzala galdegin dio Espainiari, behin behineko neurri gisa, nazioarteko erakundeak Sanchezek aurkeztutako salaketa aztertu bitartean.

Llarenak, ordea, inbestidura saioan parte hartzea galarazi zion, atzo, Sanchezi. Presidentetzarako bere hautagaitza defendatzeko aukera ezeztatu zion hala, bigarrenez. Epailearen esanetan, NBEren galdeak ez du estatua behartzen Sanchezi inbestidura saioan parte hartzeko baimena aitortzera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna