Siria

Siria bonbardatzea erabaki "zuzena eta legezkoa" izan dela defendatu du Mayk

Frantziak, AEBek eta Erresuma Batuak elkarlanean egin dute goizaldeko erasoaldia, eta zehaztu dute ez dagoela besterik aurreikusita. Orotara 103 misil jaurti dituzte Damasko eta Homsera.

Damasko. /
Damasko. / Sana/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko apirilak 14

Aste hasieran iragarri zen Donald Trump presidenteak prest zegoela Siria bonbardatzeko. Esan eta egin. Egun gutxi batzuk nahikoak izan ditu Frantziaren eta Erresuma Batuaren adostasuna lortzeko, eta gaur goizaldean hirurek batera ekin diote bonbardaketei. Sirenek eman dute bonbardaketen abisua hiriburuan. 

Washingtonek berak adierazi duenez erasoa "bakarra" izan da. Misilek hiru eraikin suntsitu dituzte, hirurak ere arma kimikoak garatzeko erabiltzen zirenak, AEBen arabera. Haietako bat Damaskotik gertu kokatutako ikerketarako laborategi bat, eta beste biak Homsetik gertu zegoen bi arma biltegi zirela adierazi dute AEBetako iturriek. Hiru zauritu egon litezke erasoaldian. 

Trumpek txalotu egin du "bonbardaketa perfektua" eta eskerrak eman dizkie Frantziari eta Erresuma Batuari laguntza militarragatik: "Ezinezkoa zen emaitza hobea lortzea! Egin dugu egin beharrekoa!".

 

Agintarien argudioen artean da apirilaren 7an eraso kimiko bat egin zuela Al-Assaden erregimenak Douma hirian, eta halakorik gehiago gerta ez dadin erabaki dutela esku hartzea. Ordea, Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak gaur zen ikertzen hastekoa. Parisek eta Londresek, baina, adierazi dute informazio zerbitzuek berretsi dutela erasoa egon zela.

Erresuma Batuko lehen ministroak, Theresa Mayk, onetsi egin du erasoa esanez "indarra erabiltzen dutenei erantzuteko modu bakarra" dela hori. Harekin bat etorri da Boris Johnson Atzerri ministroa ere eta ohartarazi du nazioarteak ez duela onartuko arma kimikoak erabiltzea, "are gutxiago zibilen aurka".

Pentagonoko buru James Mattisen arabera, ez dago aurreikusirik Siriaren aurkako beste bonbardaketarik, "oraingoz". Dena den, ez dute baztertzen aurrerago gehiago egitea, Bashar al-Assadek "arma kimikoak erabiltzearekin tematuta" jarraitzen badu. 

Nazioartearen babesa

Errusiak gogor kritikatu du bonbardaketa, eta "mendebaldeko komunikabideak" egin ditu erantzule, esanez haiek zabaldutako irudi eta informazioetan oinarritu direla AEBak bonbardaketak egiteko. Siriako Gobernuak, bestalde, Al-Assaden irudiak zabaldu ditu goizekoak direla esanez, eta argi utziz estatuburuak ohiko agendari eusten diola erasoak eraso.

 

Erasoaldia salatu duen estatu bakarretako bat izan da, ordea, hura. Izan ere, potentzia nagusiek bat egin dute Washingtonekin. Besteak beste, Israelek, Australia eta Japoniaren babesa jaso dute AEBek,  eta baita NATOrena ere.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna