Altsasuko gazteen kontrako epaiketa

Akusazioak ukatuta, amaitu da epaiketako lehen auzi saioa

Gaur hasi da zortzi gazteren kontrako epaiketa, eta epaitu guztiek deklaratu dute gaurko saioan. Joxerra Senar kazetariak Auzitegi Nazionaletik kontatu du.

Berria -

2018ko apirilak 16

2016ko urrian, herrian jaiak ospatzen ari zirela, zenbait gaztek liskarra izan zuten bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin, Altsasuko Koxka tabernan. Guardiek zauri arinak izan zituzten. Horren ondorioz, "terrorismo delituak" egozten dizkiete zortzi gazteri. Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo epaitu dituzte, gaur. Orotara, 375 espetxe urte eskatzen dituzte zortzi akusatuentzat.

10:00etan zen hastekoa epaiketa, baina 10:30ak aldera hasi da. Han izan da Joxerra Senar BERRIAko kazetaria, epaiketa zuzenean kontatzen:

 

Auzipetuen deklarazioarekin hasi da epaiketa. Unai Unamuno, Adur Ramirez de Alda eta Oihan Arnanz izan dira deklaratzen aurrenak. Hirurek esan dute ez zutela guardia zibilik jo egun hartan. Unamunok onartu du eztabaida izan zuela haiekin, eta balitekeela eztabaida hura izatea guztiaren jatorria. Hala gertatu bazen "sentitzen" duela esan du, baina berak ez zuela inor jo azpimarratu du. Ramirez de Aldak, berriz, liskarra izan zenean bera etxean zegoela azaldu du, eta hurrengo egunean jakin zuela zer gertatu zen. Arnanzek, bestalde, onartu egin du tabernan zegoela, baina liskarrak piztu aurretik lagun batek taberna bazterrera eraman zuela azaldu du, eta, beraz, ez zuela ezertan parte hartu. Epaitu guztiek ukatu dute liskarretan parte hartu zutela.

Gaur auzipetuek deklaratu dute, eta bihar guardia zibilek egingo dute. Hurrengo hiru egunetan lekukoen txanda izango da. Datorren astean, berriz, perituek deklaratuko dute —auzi medikuak, foruzainak, guardia zibilak, psikologoren bat eta Oihan Arnanzen defentsa informatikariak eta bi mediku—. Azken hiru egunetan, ondorioak aurkeztuko dituzte aldeek, eta, gero, epaiaren zain geldituko dira.

Hainbat lagun joan dira Madrilera, auzipetuei babesa azaltzera. Esate baterako, han da Unai Hualde Nafarroako Legebiltzarreko lehendakariordea. "Proportzionaltasuna" eskatu du, eta Europa epaiketari begira dagoela ohartarazi du.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua, Bakartxo Ruiz EH Bilduko Nafarroako Legebiltzarreko parlamentaria, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko lehendakaria eta Nagua Alba Ahal Dugu-ko diputatua ere han izan dira, besteak beste. Denak bat etorri dira ez dela "terrorismoa".

Giltzapean dauden auzipetuak furgonetan eraman dituzte auzitegira, eta oihuka hartu dituzte bertan zeudenek. Gainerakoak oinez sartu dira, babes oihu artean.

Concepcion Espejel epailea izango da epaimahai buru. Espejel guardia zibil batekin dago ezkonduta, eta horrek inpartzialtasuna kentzen diola argudiatuta defentsak hura auzitik baztertzea eskatu zuen arren, ez zioten onartu.

Larunbatean, manifestazio handia egin zen Iruñean, auzia salatzeko. Goizaldean taberna batean gertatutako liskarra ezin daitekeela terrorismoa izan salatu zuten gizarteko eta politikako hainbat eragilek eta norbanakok. Auzia ikertu eta epaitu behar dela aldarrikatu zuten, baina dagokion kategoria eman, eta epaiketa Nafarroan egin behar dela eskatzen dute.

Halaxe zioten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak auziarekin lotuta egindako aurreneko txostenek ere. Covite biktimen elkarteak jarritako salaketa baten ondorioz —akusazio partikularra da epaiketan—, baina, auzia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epailearen eskuetara iritsi zen, eta "terrorismo" bihurtu.

Hauek dira "terrorismoa" egotzi ahal izateko fiskalak eta akusazio partikularrak erabiltzen dituzten argudioak:

- HELBURU "TERRORISTAK"

Altsasuko gazteei leporatzen dizkieten gertaerak "terrorismoa" dira. Hala ebatzi du Carmen Lamela instrukzio epaileak, auzipetze autoan.

2015eko Zigor Kodeko 573. artikulua erabili du horretarako. Horren arabera, terrorismo delitutzat hartuko da "bizitzaren edo osotasun fisikoaren aurkako edozein delitu larri", helburu jakin batzuei erantzuten badie.

Altsasuko auzian, helburu jakin hori litzateke "biztanleen edo biztanle batzuen artean terrore egoera bat sortzea". Altsasun guardia zibilek bizi duten "jazarpen egoera" aipatzen du epaileak, eta tabernako liskarrak, haren ustez, lotura izango luke horrekin.

- ETA-KO KIDE IZAN GABE

Espainiako 1995eko Zigor Kodean, "terroristatzat" har zitezkeen zenbait egitate, helburuaren arabera, delitugilea talde armatu edo erakunde terrorista batekin lotuz gero —irizpide hori erabiltzen zen kale borroka kasuetan, esaterako—.

2015eko Zigor Kodearekin, ez dago loturarik egin beharrik; nahikoa da legeak aipatutako helburuak justifikatzea. Xede horien artean daude, Altsasuko auziaren kasuan, epaileak bere autoan aipatutako "terrore egoera". Beste hauek ere azaltzen dira legean: "Konstituzio-ordena iraultzea", "herri-bakea larriki haustea" edota "nazioarteko erakunde baten funtzionamendua modu larrian ezegonkortzea".

- BAINA ETA-REN "ITZALA"

Epaileak, auzipetze autoan, ez du lotura zuzenik egin gazteen eta ETAren artean. "Alde Hemendik dinamikarekin" lotu ditu, eta, haren ustez, Altsasun horren adierazpide izango litzatekeen Ospa mugimenduarekin. Guardia zibilek herri horretan bizi duten "jazarpen eta bazterketa giroaren" erantzule egiten du Ospa.

Beste auto batzuetan eta, bereziki, fiskaltzaren tesia bere egiten duenean, ETA aipatzen du epaileak. Fiskaltzaren esanetan, "ETAren estrategiaren parte" da Alde Hemendik dinamika, eta, hori frogatzeko, erakunde horren hainbat agiri erabiltzen ditu.

Ospa mugimenduari buruz, fiskaltzak dio 2011n —ETAk jarduera armatua amaitutzat eman zuen urte berean— ezker abertzaletik sortu zituztela hainbat talde, izen horrekin eta beste batzuekin (Fan Hemendik...), eta Alde Hemendik-en jarraipena direla, helburu berberak dituztelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna