Altsasuko gazteen deklarazioa

Liskarretan ez zutela parte hartu deklaratu dute epaitu guztiek

Auzipetuek deklaratu dute gaurko auzi saioan. Fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urtekoa beste bati, eta hamabi urtekoa beste bati. Hona, akusatu bakoitzaren deklarazioaren laburpena.

Epaiketaren irudi bat, Auzitegi Nazionaleko pantaila batean. /
Epaiketaren irudi bat, Auzitegi Nazionaleko pantaila batean. / Joxerra Senar

Berria -

2018ko apirilak 16

Zortzi auzipetuen deklarazioarekin hasi da epaiketa, gaur, Madrilen. Amaitu da gaurko saioa. Preso dauden hirurek deklaratu dute aurrena: Unai Unamunok, Adur Ramirez de Aldak eta Oihan Arnanzek. Hamar minutuko atsedenaren ondoren, gainerakoek deklaratu dute: Jon Ander Cobek, Julen Goikoetxeak, Arrantz Urruzolak, Iñaki Abadek eta Ainara Urkijok. Defentsen galderei bakarrik erantzun diete. Bihar, guardia zibilek deklaratuko dute.

Unai Unamuno: "Ez nuen inor jo, ez kanpoan ez barruan"

Unamunok azaldu duenez, ez da oso ondo gogoratzen egun hartan gertatutakoaz, edanda zegoelako. Nolanahi ere, onartu du eztabaidan hasi zela guardia zibilekin, eta, uste duenez hura izan zela liskarraren iturburua, sentitzen duela gaineratu du. Esan du berak ez zuela inor jo.

Gogoan du herritarrei isunak jartzea eta ondoren parrandan egotea aurpegiratu ziela berak guardia zibilei. Izan ere, ezagutu egin zituen, eta tabernan ikusi zituenean haiengana joan zen. "Nire izenarekin deitu ninduten, eta eztabaidan hasi ginen; ez dut gogoan asko. Gehienez minutu batez egon ginen".

Gero, iskanbila sortu zen, eta jendea bultzaka hasi zen. Baina bera taberna barruan gelditu zen, eta uste du guardia zibilak kanpora atera zirela. "Ez nuen inor jo, ez kanpoan ez barruan". Tabernatik atera zenean, tenientea ikusi zuen lurrean, eta "emakume bat haren gainean babesten". Beste guardia zibila ez zuen ikusi.

Bera Biltokin sartu zen, 15 metrora dagoen tabernan, eta gertatutakoaz hitz egin zuen jendearekin. "Ez nuen inor jo, ez kanpoan ez barruan".

Atxilotu egin zuten.

Liskarra baino ordubete lehenago egindako dei bati buruz galdetu dio Amaia Izko abokatuak. Adur Ramirez de Alda epaituarekin hitz egin zuen, eta akusazioak dio dei hartan prestatu zutela dena. Ezetz esan du Unamunok. Pragara zihoan lagun bat despeditu zuten ferietako egun hartan, eta lagun hura galdu egin zen. Unamunoren arabera, Ramirez de Alda kezkatua zegoen Pragara joatekoa zen laguna ez zelako agertzen. Behin bakarrik hitz egin zuten.

Ospa mugimenduaz ere hitz egin du. Inoiz batzarretan parte hartu izan duela aitortu du, baina "noizean behin" egiten zuela. Ospa egunerako baimen bat aurkeztu zuela onartu du, eta baita horregatik isun administratibo bat jarri ziotela ere. Hala ere, ukatu egin du arduradun edo eledun izan dela.

Adur Ramirez de Alda: "Ni ez negoen Koxka tabernan, etxean negoen"

Esan duenez, "biharamunean" jakin zuen zer gertatu zen, bera ez zegoelako Koxka tabernan. Istiluak gertatu zirenean etxean zegoen.

Telefono deiei dagokienez, Unamunok esandakoa berretsi du, alegia, galduta zebilen lagunari buruz hitz egin zutela, eta ez guardia zibilak jotzeari buruz. Egun hartan zeraman arropari buruz galdetu dio abokatuak: galtza bakeroak, kamiseta beltz bat eta jertse gris bat, "pikoduna". Txaketa bakero bat ere bai. Guardia Zibilak zergatik identifikatu zuen ere galdetu dio: "Ez dakit. Edo gezurra diote, edo nahasi naute beste batekin".

Guardia Zibilarekin ez duela inoiz arazorik izan azpimarratu du. "Pilotan jokatzen nuenean guardia zibil baten semearekin jokatzen nuen arazo gabe". Identifikatu izan dutela onartu du, baina bestelako garrantzirik gabe.

Ospa mugimendua herrikoia eta irekia dela azaldu du. Batzarren batean parte hartu izan duela esan du, baina ez duela ardurarik. 2015eko Ospa Egunean parte hartu zuen, baina gainerakoetan ez, gurasoekin oporretan zelako.

Oihan Arnanz: "Koxka tabernan negoen, baina istiluak piztu aurretik bazter batera eraman ninduen lagun batek"

Koxka tabernan zegoen, baina istiluak hasi aurretik lagun batek tabernaren mutur batera eraman zuen; beraz, ez zuen parte hartu istiluetan. "Bazenekien guardia zibilak zirela?". Ez zekiten nor ziren. "Aurpegia ezagun egiten zitzaidan, baina ez nekien". Egun hartan Koxkan zegoen, eta "argiak itzalita" zeuden. Kanpoan ere "argi gutxi" zegoela dio.

Telefonoko deirik ezabatu duen galdetu diote: "Ez dut ezabatu edo aldatu ezer. Ez dut beharrik amaren, neska-lagunaren edo lagunen kontuak ezkutatzeko".

2016ko azaroan Auzitegi Nazionalean egin zuen deklarazioan ukatu egin zuen Koxkan zegoela; aldiz, orain, onartu egin du. Zergatiaz galdetu diote: 2016ko azaroan Gasteizerako autobusa hartzera zihoala txanodunek hartu eta Tres Cantosera eraman zutela. "Beldurrez, gertaeratik ahalik eta urrutien" kokatzea hobetsi zuen. Horregatik esan zuen Koxkan ez zegoela. "Orain, familiarekin eta defentsarekin erabaki dugu gertatutakoa, nik ikusitakoa, kontatzea, eta Justiziarekin elkarlanean aritzea".

Azaldu duenez, ez du arazorik Guardia Zibilarekin, eta bera ez da Ospa Mugimendukoa. Militantzia politikorik ere ez duela esan du.

Jon Ander Cobek dio liskarra gertatu ostean iritsi zela Koxkara

Jon Ander Cobek esan du 5:00ak aldera joan zela Koxka tabernara, eta ordurako liskarra gertatua zela. Han Gorka Martinez laguna ikusi eta zer gertatu zen galdetu zion, baina ez zuen jakin erantzuten. Pertsona bati hurbildu, eta galdetu egin zion; "asaldatuta" zegoela ikusi zuen. Sargentoa zen. Nabarmendu du sargentoarekin hitz egin zuela labur, eta hark ez ziola ezer leporatu

Berak ez zituen ezagutzen tenientea eta sargentoa. Haietako baten bikotekidea bai, ezagutzen zuen Altsasuko insitutuan beste klase batean zegoelako. Maria Jose Naranjo zen ezagutzen zuen bakarra, eta hain justu hark identifikatu zuen Cobe espetxean zegoenean. "Uste dut nahastu egin zela", esan du Cobek. Bere ondoan zeudenak espetxean berekin zeuden "lau latinoamerikar" ziren. "Ez genuen antz handirik".

Berak ez zuela inor iraindu azpimarratu du, "baketsua naiz". Bere izena komunikabideetan atera zenean deklaratzera joan zen epaitegira. Eta azaldu duenez, "ondorioak" utzi diozkio auziak. Ikasteari utzi behar izan dio kontzentratzeko arazoak dituelako, eta medikuaren laguntza ere behar izan du.

Ospa mugimenduko kide izatea edo ezker abertzaleko kide izatea ukatu du. Cobek dioenez, ez du Ospa Egunean parte hartu "inoiz". Ezein kolektiboko kide izatea ukatu du, eta politikaz gauza askorik ez dakiela gaineratu du.

Julen Goikoetxea Koxkan zegoen liskarraren unean, baina liskar ugari izaten denez, ez zion garrantziarik eman. Futbol taldearen afaria zuten egunean eta ondoren Lezea tabernan egon ostean, Koxkara joan ziren 01:30ean. 06:00k arte egon zen "dantzan, lagunekin algaraka eta ligatu nahian"

4:00ak pasatu ostean atarian "zalaparta" bat sortu zela kontatu du, bera zegoen tokitik urruti. Koxkan parrandan liskarrak ohikoak direla aipatu du, eta beraz, ez ziola garrantzia berezirik eman. Berak ez zekien ezer, ez zekien guardia zibilak zirela ere. Biharamunean jakin zuen dena. Berak ez zuela inor iraindu eta ez zuela zerikusirik izan liskarrarekin.

Nabarmendu duenez, komunikabideetatik jakin zuen bera ikertzen ari zirela auzian, eta horregatik, bere kabuz Auzitegira joan zen, behar zenerako. Bere kasuan ere, identifikazio erronda egin ziotenean albokoak Alcala de Mecoko presoak ziren. Latinoamerikarrak ziren, eta batek esan zion: "Ez sartu, zuri bakarra zara".

Psikologoarenean depresioaren aurkako pilulak hartzen ari da. "Ezintasuna ere sentitzen dut, errugabe izanda ezin baitut ezer egin". Zergatik dagoen gaur eserita galdetuta: "Hamaika bider galdetu diot nire buruari. Uste dut nahastu zirela, ez du uste fede txarrez izan dela".

Arantz Urruzolak dio ez zegoela Koxkan liskarrak izan zirenean

2016ko urriaren 14-15eko goizaldean botiloi bat egin eta gero Koxkara joan ziren. Barra inguruan egon ziren, biana 3:00-3:30ak aldera atera ziren, eta ez ziren gehiago itzuli. Istilurik ikusi al zuen galdetuta, bera egon zen unean ez zuela ezer ikusi. Uneren betan norbaitek guardia zibilak zeudela esan zion, baina "parrandan" jarraitu zuen. Ukatu egin du inongo liskarretan parte hartu izana.

Iñaki Abadek Haritza tabernan lan egiten zuen, eta gau hartan lanean zegoen. Lana bukatzean Lezeara joan zen, 4:00etan. Fiskalak 50 urte eskatu ostean, lana utzi du.

Deklaratu duenez, Guardia Zibilarekin inoiz ez du arazorik izan, eta ez da ospa mugimendukoa edo Alde Hemendik-ekoa. Guardia Zibil tenientea ezagutzen zuen, Haritza tabernarako joan ohi zirelako. "Tratu normala" zuen eta inoiz baita "txantxak egin ere". Sarjentua berria zenez ez zuen ezagutzen.

Azken tragoa hartzera joan ziren Biltokira baina ezin izan zuten Foruzaingoaren kotxe bat ikustean, Koxkaren parean. "Gerturatu eta kuriositatez galdetu nuen zergatik zegoen autoa han". Han ikusi zuen Ainara Urkijo, garai hartan Haritzako langilea. Jokin Unamuno atxilotu zutela jakin zuen orduan. Remigio Lakuntza beste taberna bateko jabearekin bildu zen. Foruzain gehiago iritsi ziren, batzuek istiluen aurkako jantziekin, eta guardia zibilaren patrolak.

Azaldu duenez giroa ez zen "tentsoa", baina urduritasuna zegoen. Une hartan 15 lagun inguru zeudela dio. Telefonoz irudiak grabatu zituen. "Une batean, kamiseta zuriko gizonak (sargentoak) eskukada bat bota eta sakelakoa lurrera bota zidan", esan du. Bideo hori ukatu egin diete epaiketan. Ikusten da Ainara Urkijo zegoela. Mobila hartzean berriro grabatzen jarraitu zuen. "Kamiseta zurikoak kolpe bat eman dit" entzuten da, eta foruzain batek "salaketa jartzeko" esaten dio. Birao bat botatzen du ia sakelako hondatu diolako. Biharamunean, gertaeren aurrean, ordenagailuan gorde zituen irudiak.

Behin poliziak joanda, jai giroak jarraitu zuela esan du. Eta beraiek polizia etxera joatea erabaki zutela, Unamuno atxilotu zutelako. Sei pertsona inguru zeuden han. Unamunori buruz galdetu zutenean hura Iruñera eraman zutela erantzun zieten. Foruzaingoak karneta eskatu zien berari eta Iñaki Urdangarini. Une hartan Urdangarin ere atxilotu zuten. "Une hartan tentsio gehiago nabaritu nuen herrian baino".

Javier Ollo Altsasuko alkateari idatzi zion 6:30ak aldean: "Uste dut hemen egon beharko zinatekeela herriko bi gazte atxilotu zituztelako. Guri ez digute ezer esaten, ea zuri esaten dizuten".

Ainara Urkijo da deklaratzen azkena. Argi utzi du hasieratik, bera ez zen Koxkan izan.

Deklaratu duenez, istilu osteko unean iritsi zen tabernara. "Urduri eta asaldatuta" zegoela onartu du. Jokin Unamuno atxilotu zutelako. Foruzainekin eztabaidatu zuen ez baitzuen ulertzen zergatik atxilotu zuten Unamuno.

Guardia Zibilen bikotekideekin liskarrik ez zuela izan tea ez zituela mehatxatu azpimarratu du. Defentsak galdetu dio ea hatzarekin ohartarazi zion, eta ukatu egin du. Han hogei bat minutu egon ostean, etxera joan zela azaldu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna