Zergak

Abian da errenta kanpaina Gipuzkoan ere

Milaka lagunek ontzat hartu dituzte Ogasunak bidalitako errenta aitorpenak.

Jokin Perona Ogasun zuzendaria, Jabier Larrañaga Ogasun diputatua eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordea. /
Jokin Perona Ogasun zuzendaria, Jabier Larrañaga Ogasun diputatua eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordea. / GFA/@OrainGipuzkoa

Iker Aranburu -

2018ko apirilak 16

Gipuzkoako Ogasunak espero du 259 milioi euro itzuliko dizkiela zergapekoei, eta haien poltsikoetatik 224 milioi euro jasoko dituela. Datu horiek eman ditu gaur goizean Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatuak, Jokin Perona Ogasuneko zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordea alboan zituela.

Foru erakundeko arduradunek adierazi dutenez, joan den astean hasi zen autolikidazio proposamenen bidalketa, eta gaurtik aurrera onar daitezke, telefonoz edo Internet bidez. Goizeko lehen orduetan dagoeneko 11.000 lagunek eman dituzte ontzat Ogasunak bidalitako errenta aitorpenak.

Errenta mekanizatuari dagokionez, Ogasuneko bulegoetan egiten diren aitorpenak, apirilaren 20an irekiko da hitzordua hartzeko epea, eta 23an hasiko dira aitorpenak aurkezten. Aitorpena jaso eta onartu ez dutenek, berriz, apirilaren 26tik aurrera eska dezakete mekanizaturako hitzordua. Ekainaren 30ean amaituko da errenta kanpaina.

Larrañagak eskerrak eman dizkie herritarrei zerga betebeharrak zuzentasun osoz betetzeagatik, eta gogoratu du zergen bitartez eusten zaiola ongizate mailari. "Honela finantzatzen ditugu gure zerbitzu publikoak, gure ongizatearen oinarria direnak", esan du. Esker oneko hitzak izan ditu baita ere kanpaina honetan lanean ari diren foru Ogasuneko 120 langileentzat.  

Aurtengo berritasunen artean, Larrañaga diputatuak ZergaBidea plataforma nabarmendu du, Errenta aitorpena aurkezteko laguntza programa berria. “Orain arteko aplikazioa online erreminta bihurtu da eta, gainera, hobetu egin da eskaintzen duen zerbitzua”, azaldu du. Euskarri berriak autolikidazio proposamena deskargatzeko aukera ematen du, eta baita aitorpena bertan egin eta aurkezteko ere. “Helburua zergadunei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzean joatea da, ahalik eta erraztasun gehien izan dezaten, eta norabide honetan doa ZergaBidearen hobekuntza”, esan du.
  

Azkenik, aitorpena euskaraz aurkezteko gonbita egin die Ogasuneko diputatuak herritarrei. Azaldu duenez, azken hamarkadan bikoiztu egin da aitorpena euskaraz aurkezten dutenen zenbatekoa baina, hala ere, oraindik aurkezten diren guztien %15 bakarrik dira. “2017an 70.328 herritarren aukeratu zuten euskara Ogasunarekiko harremanetan”, azaldu du Larrañagak, “eta helburua da datozen lau edo bost urteetan 100.000ra iristea. Egingarria da, eta erakundea prest dago jauzi hori emateko”.  

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna