Zergak

Zerga bilketa %9,5 igo da Bizkaian, eta %7,1 Araban

Foru aldundiak erraz gainditzen ari dira urte osorako jarritako helburuak.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatua
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatua Luis Jauregialtzo / Foku

Iker Aranburu -

2018ko apirilak 17

Bizkaiko Foru Ogasunak 1.983,5 milioi euro jaso ditu urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra, iaz baino 172,1 milioi euro gehiago. Urtearen lehen laurdena igarota, aurrekontu osoaren %26,7 estali ahal du zergetan bildutakoarekin.

Zuzeneko zergetan gertatu da igoerarik handiena, %15,1 hain zuzen ere. Errenta zergaren bilketa bide onetik doa (804 milioi, +%3,9), baina are hobeto enpresen irabazien gainekoa, sozietate zerga (74 milioi. +%153,4). Zeharkako zergak, berriz, %5,8 igo dira, BEZaren bidez batez ere (+%6,6).

Emaitzekin gustura azaldu da Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatua, Onda Vasca irratian. Hiru hilabeteko bilketa "ez da oso esanguratsua", haren hitzetan, baina erakusten du foru ogasunak iazko urrian egindako iragarpenak betetzeko moduan egon daitezkeela. 2017ko antzeko kopurua jasoko dutela kalkulatu zuten orduan, aurten ez baita iazko diru sarrera gehigarririk izango —Espainiak kupoaren akordioaren ondorioz ordaindutakoa—. Kupoaren konponketa kontuan hartu gabe, %3,2 hazi beharko luke bilketak.

Araban ere ongi doa zerga bilketa. Martxora arte 364,9 milioi eskuratu dituzte zergen bidez, iaz baino 24 milioi gehiago (+%7,1). Helburuak bete ahal izateko, urtearen amaieran hazkundeak %4,6 izan behar luke Araban, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azaldu duenez. Errenta zergak %11 diru gehiago bildu du, eta sozietatearenak, %18,8; hazkunde askoz apalagoa du BEZak: %1,1 baizik ez.

2017ko errenta kanpainari dagokionez, Gonzalezek iragarri du dagoeneko 31,2 milioi euro itzuli dizkietela zergapekoei.

Gipuzkoako Ogasunak joan den astean jakinarazi zuen iaz baino %11,1 gehiago bildu duela martxora arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna