Sariak

Euskal Memoria fundazioak jasoko du ibilbidearen Elkar saria

Fundazioak egiten duen transmisio lana azpimarratu nahi izan du Elkarrek aitorpenarekin. Apirilaren 19an banatuko dute saria, Andoainen.

Euskal Memoria Fundazioko kideak, torturari buruz egindako publikazioaren aurkezpenean
Euskal Memoria Fundazioko kideak, torturari buruz egindako publikazioaren aurkezpenean Juan Carlos Ruiz/ Foku

Iñigo Astiz -

2018ko apirilak 17

"Geure historia guk geuk kontatzeko". Horretarako jarri zen martxan Euskal Memoria fundazioa, 2009. urtean, eta, geroztik, urtero liburu bat eta bi aldizkari kaleratu, eta Dokumentazio Gune iraunkor bateranzko bidea landu dute. Beren publikazioetan, besteak beste, erbestea, hizkuntza zapalkuntza, frankismoa, estatu terrorismoa eta tortura landu dituzte. Fundazioaren arabera, Euskal Herriko historia "faltsutu" egin dute maiz, eta horri aurre egitea da haien helburua. Eta, hain zuzen ere, lan hori saritu nahi izan dio Elkar fundazioak. Horregatik eman diote aurten ibilbidearen Elkar saria. Hala aitortu dute fundazioaren lana, prentsa ohar bidez: "Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi dute Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta".

Burujabetza eta transmisioa

Bi balio nagusi azpimarratu dizkio Euskal Memoriaren fundazioari Elkarrek. Burujabetzarako ahalegina aitortu diote, batetik. "Garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izateari". Bestetik, egindako tranmisio lana ere aitortu nahi izan dute. "Herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria fundazioaren ekarpena".

Apirilaren 19an egingo dute saria banatzeko ekitaldia, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. 19:00etan izango da, eta Joseba Jaka bekaren sari ematea ere egingo dute aldi berean. Aurrez, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak eta Gerediaga elkarteak jaso dute orain Euskal Memoria fundazioak jasoko duen aitorpena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna