GIZARTEA

Euskararen Legea aldatzeko batzordeak lehen lan saioa izan du gaur

Miguel Izu, Nafarroako Administrazio Auzitegiko eledun eta Ezker Batuko parlamentari izandakoa, izan da lehen gonbidatua

Gero Bai eta EH Bilduko eledunak, aurreko batzorde batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2018ko apirilaren 17a
16:57
Entzun

Euskarari, Nafarroa osoan, "babes eta berme juridikoa" ematearen alde azaldu da Izu, baina zalantza agertu du Nafarroako Legebiltzarrak auzi horretan izan ditzakeen eskuduntzen inguruan: "Euskararen legea aldatzea ongi legoke, baina foru lege batek, berez, ezin du euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan ezarri. Ez, behintzat, aurretik Foru Hobekuntzaren lege organikoa aldatzen ez bada".

Foru Hobekuntza da euskarari ofizialtasuna aitortzen dion legea, "eremu euskaldunetan bakarrik", eta lege organiko bat den heinean, Espainiako Gorteena da hura aldatzeko eskuduntza. "Aukera bat izanen litzateke Nafarroako lurralde osoa izendatzea 'eremu euskaldun', baina seguruenik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lege iruzurtzat joko luke hori".

Hala ere, Izuren esanetan, "horrek ez du esan nahi Euskararen Lege berri bat egin behar ez denik, edo pausoak eman behar ez direnik". Legebiltzarkide ohiak uste du "hobetzeko tarte handia" dagoela: "Egungo legislazioak berak garapen maila eskasa dauka eta gabezia handiak ditu hizkuntzaren alorrean".

Hizkuntza gutxituen Europako ituna aipatu du Izuk, jorratu beharreko bideez hitz egitean. "2001. urtean sinatu zuen Espainiak, baina ordutik, apenas aldatu duen bere hizkuntza politika. Europak berak gogorarazi behar izan zion Nafarroako eremu mistoan eta ez-euskaldunean ere aplikatzekoak direla hizkuntza gutxituen itunean azaltzen diren irizpideak". Izuren ustez, hizkuntzei zor zaien aitortza eta babesa ez dio ofizialtasunak ematen: "Espainian oso hedatua dago hizkuntzak ulertzeko molde zaharkitu bat, nazio-estatuekin lotura duena, baina hizkuntza gutxitu guztiek izan beharko lukete estatus hori, hiztun kopurua edota ofizialtasun maila edozein dela ere".

Espainiako legediari dagokionez, eleaniztasuna "legez aitortua" dagoela uste du Izuk, baina "nazionalismo linguistiko zaharraren zama" antzematen du oraindik: "Estatu elebakar batean bizi gara, izatez. Espainiak izan beharko luke estatu autonomiko bat, baina estatu unitario baten gisara jokatzen du. Autonomien parte hartze mekanismoek huts egiten dute, elebakartasunaren inertziagatik".

Adibide gisa jarri ditu Suitza eta Katalunia ere: "Suitzan, ofizialak dira kantoien hizkuntza propio guztiak, baina horrek ez du esan nahi biztanle guztiek horiek erabiltzeko betebeharra dutenik. Era berean, Katalunian, ofizialak dira katalana, gaztelania eta aranera. Horrek esan nahi du aranera behartua dagoela lurralde osoan, edo inposatu egiten dela? Ez, baina araneraz mintzo den herritar orok eskubidea du, lurralde osoan, administrazioari hizkuntza horretan zuzentzeko. Nafarroan, antzekoa egin zitekeen bere garaian, eta seguruenik mesedegarriagoa zatekeen".

Nafarroako araudiari dagokionez, oso kritiko azaldu da NEBko parlamentari ohia egun indarrean dagoen Euskararen Legearekin, eta "oso kaltegarritzat" jo du zonifikazio linguistikoa. "Era arbitrarioan banatu dira udalerriak eremu euskaldun, misto edo ez-euskaldunen artean. Irizpide objektiborik gabe, eta horrek segurtasun juridikorik eza ekarri du hainbat kontutan; besteak beste, D ereduaren zabaltzean".

Taldeen erreakzioak

Izuren txanda amaituta, hitza hartu dute Nafarroako Legebiltzarreko talde parlamentarioen eledunek. UPNren izenean, Carlos Garcia Adanerok ez dio zilegitasunik aitortu batzordeari: "Erabat antzua da, eta abertzaleen nazio eraikuntza nahiei eta itxurakeriari bakarrik erantzuten dio". Are: uste du euskararen legea ez dela aldatuko, "horretarako Foru Hobekuntzaren lege organikoa aldatu beharko litzatekeelako, eta auzi horretan, parlamentu honek ez du deus ere esateko. Eta kito".

Euskara eta nazio eraikuntza ez nahasteko eskatu dio Koldo Martinezek (Geroa Bai) UPNko legebiltzarkideari: "Euskararen auzian, gure kezka bakarra da eskubide linguistikoak bermatzea, eta ez eraikuntza nazionala. Herritar guztiek eskubide linguistiko berberak izan beharko lituzkete, Leitzan, Noainen ala Tuteran bizi. Eta hori defenditzea 'inposizioa' dela esatea perbertsoa da".

EH Bilduren izenean Dabid Anautek hitz egin du: "Parlamentu honek erabakitzen badu ofizialtasuna hedatu behar dela eta zonifikazioa gainditu, ez zait arrazoirik bururatzen hori ez ahalbidetzeko, eta egin beharreko aldaketak ez egiteko. Eta gero, Auzitegi Konstituzionalak esaten badu ofizialtasuna ezartzea lege iruzurra dela, ez dakit nola justifikatuko duen hori Nafarroan eta ez Araban, adibidez".

Ildo berean, Laura Perezek (Ahal Dugu) esparantza gutxi agertu du Espainiako Konstituzioaren balizko erreforma baten gainean. "Benetan uste duzue Espainiako Konstituzioa hizkuntza eskubideen mesedetan aldatuko dutela? Nik hurbilago ikusten dut III. Errepublika. Horregatik, euskararen aldeko politikak hemen egin beharko ditugu".

PSNko Inma Juriok, UPNko ordezkariak bezala, ez dio euskararen legea idazteko batzordeari zilegitasunik aitortu: "Batzorde honen aurka gaude. Ez du zentzurik. Ez du ibilbiderik izanen". Gainera, "egokitzat" jo du egungo legea, "errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta".

Ohi bezala, Ana Beltranek (PP) egin ditu adierazpenik suharrenak, eta eztabaida bizia izan du gonbidatuarekin: "Beste zeregin asko ditugu, astero euskarari buruz hizketan hiru edo lau ordu galtzen ibiltzeko". Ez hori bakarrik, euskara mespretxatzeko xedez, Europaren kontra jotzera ere iritsi da: "Nafarroan %7k baino gutxiagok erabiltzen dute euskara, eta Iruñean hutsaren hurrengoa da. Europako hizkuntza gutxituen ituna bihurtu da abertzaleen salbamendu taula bakarra. Eta orain, karta horrek diolako, euskararen ofizialtasuna ezarri behar al dugu?".

Bukatzeko, euskara "ez ikusteko" eskubidea aldarrikatu du erdaldun elebakarrentzat: "Eremu mistoan edo ez-euskaldunean agiri ofizialak euskaraz irakurri behar izatea, hori ez al da inposizioa? Eta are okerragoa dena, euskarazkoa gainetik jartzen dute... hori bidezkoa iruditzen zaizue? Euskara ulertzen ez duten %93 horien eskubidea bermatu behar da".

Horren gainean posizionatzeko exijitu dio Miguel Izuri, baina Nafarroako Administrazio Auzitegiko eledun ohiak ez dio erantzun nahi izan: "Ni gonbidatu naute aditua naizen aldetik, eta ez nire iritzi politikoak emateko. Horiek pasabidean esanen dizkizut nahi baduzu, edota kafetegian, baina hemen ez". Euskara nafarren %7k soilik hitz egiten dutela errepikatu du Beltranek, eta Izuk erantzun dio hori ez dela aintzat hartzeko faktore bat: "Zein da gutxieneko hiztun kopurua hizkuntza bati izaera ofiziala emateko? Bada, ez da halakorik existitzen. Ez hemen, ezta Europa osoan ere. Hizkuntza ofizial bihurtzea erabaki politiko hutsa da. Inkesta baten datuekin ezin da halakorik ebatzi".

Erantzunarekin haserre, mahaitik altxatu eta alde egin du Beltranek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.