'Nafarroa orain ala inoiz ez' liburuak "karga politiko erradikala" duela deritzo UPNk

UPNren Iruñeko udal taldeak Aranzadiri leporatu dio "liburutegi populistak eta muturreraino ideologizatuak" eratu nahi izatea, eta horretarako liburuak erostea. "Doktrinatzeko" liburuen zerrendan aipatu du BERRIAko kazetari Ion Orzaizen eta Joxerra Senarren lana.

Joxerra Senar eta Ion Orzaiz kazetariak. 'Nafarroa orain ala inoiz ez' liburuaren egileak. Artxiboko irudia. IñIGO URIZ, FOKU
2018ko apirilaren 18a
19:49
Entzun

Udal liburutegiak "propaganda politikoarako" erabili nahi izatea leporatu dio UPNk Aranzadiri. Alderdi erregionalistaren esanetan, udaleko Herritarren Parte Hartze sailak "ehunka liburu" erosi ditu, sailaren menpeko bi gunetarako, "liburutegi populistak eta muturreraino ideologizatuak" sortze aldera. Zehazki, Harrotu LGTBQI gunea eta Kondestablearen jauregiko Zentro aipatu ditu. Salatu duenez, "karga politiko erradikaleko" liburuak erosi ditu Aranzadik gune horietarako, eta aipatzen dituen liburu horien artean da Nafarroa orain ala inoiz ez, BERRIAko kazetari Joxerra Senarrek eta Ion Orzaizek idatzitakoa.

Senarrek azaldu duenez, liburuak UPNren iritziak ere jasotzen ditu, Javier Esparza alderdiko presidentearenak barne.

UPNk gaineratu du sailak eskuratutako liburu gehienak Katakrak liburu dendan erosi dituela, eta Armando Cuenca Aranzadiko zinegotzia denda horretako jabe den 1978 Kooperativa elkarteko kidea dela.

"Ideologia erradikaleko" gisa jotzen dituen liburuen artean dira, Nafarroa orain ala inoiz ez liburuaz gain, beteak beste, Protesta democrática y democracia antiprotesta. Los moviemientos sociales ante la represión policial y las leyes mordaza,La casta. De cómo los políticos se volvieron intocables, ¿Por qué fracasó la democracia en España?,‘l ciclo 15M/Podemos, Juventud vasca, represión y solidaridad, Que no nos representan. El debate sobre el sistema electoral español’, La conquista de las ciudades. Las confluencias hicieron posibles los ayuntamientos del cambio, Democracia movilizativa: acerca de Cataluña como laboratorio político,La economía desenmascarada. Del poder y la codicia a la compasión y el bien común edo La vivienda no es delito: recuperando un derecho. Quién y por qué se ocupa en Madrid.

"Liburu hauek erostea ez da txarra bere horretan, baina okerra eta onartezina bihurtzen da ideologia eta pentsamendu politiko bakarreko liburuak erosten direnean soilik", adierazi du UPNk. "Gune publikoek aniztasunaren eta askatasunaren berme izan beharko lukete. Aldiz, Aranzadik, laukoaren baimenarekin, pentsamendu bakarrerako gune gisa hartzen ditu".

UPNren udal taldeak Aranzadiri eskatu dio ez dezala diru publikoa erabili "ideologia eta aukera politiko jakin batzuk" zabaltzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.