Katalunia

Llarenak frogak eskatu dizkio Montorori

Kataluniako erreferendumerako diru publikorik ez dela erabili ziurtatu du Espainiako Ogasun ministroak. Auzitegi Goreneko epaileak adierazi du Montororen hitzak instrukzioko "froga iturrien kontrakoak" direla.

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa, Ministro Kontseiluaren ondorengo prentsaurreko batean. Artxiboko irudia. ZIP, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 18a
21:27
Entzun

Argibideak eskatu dizkio Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroari, azken horrek Kataluniako erreferendumaren finantziazioari buruz egin dituen adierazpenen harira. Ministroak aitortu du ez dakiela iazko urriaren 1eko erreferenduma nola ordaindu den, baina diru publikorik ez dela erabili ziurtatu du. El Mundo egunkariak astelehenean argitaratu zuen elkarrizketan egin ditu adierazpenok.

Ministroaren hitzak bete-betean egiten dute talka Llarenak defendatu duen tesiarekin. Izan ere, epaileak diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatu die Kataluniako prozesu subiranistaren arduradun jotzen dituen auzipetuei, baliabide publikoak legez kanpoko erreferendum bat antolatzera bideratzeagatik.

Adierazpen horiek egiteko dituen frogak bidaltzeko eskatu dio Llarenak Montorori, "ahalik eta azkarren". Epaileak nabarmendu du ministroaren esanak instrukzio faseko "froga iturrien kontrakoak" direla.

Ogasun ministerioak jakinarazi du epailearen eskariari erantzungo diola.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.