Lan osasuna

Lan osasunean inbertitzeak enpresen lehiakortasunean eragiten duela dio Urkulluk

Azken 25 urteetan laneko istripuetan hildakoen kopurua erdira jaitsi dela azaldu dute Osalanen 25. urteurrenean.

Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Jose. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 23a
14:16
Entzun

Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 25 urte beteko ditu aurten, eta ospakizun ekitaldiak egiten hasiak daude dagoeneko. Gaur goizean, horietako bat egin dute, Iñigo Urkullu egungo lehendakariaren eta Osalan sortu zenean lehendakari zen Jose Antonio Ardanzaren presentziarekin. Horiez gain, Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua eta Ramon Jauregi garai hartako Justizia, Ekonomia eta Gizarte Segurantzako sailburua ere egon dira, bideoz izan bada ere. Ekitaldian Osalanek prebentzioaren arloan egindako lana goraipatu dute ordezkari politiko denek, eta azken 25 urteetan laneko istripuetan hildako langileen kopurua erdira jaitsi izana goraipatu du San Josek. “Hala ere, ezin gara gustura egon, lanean hildako langile bakoitza gizarte bezala porrot bat delako”. Gaixo agiria jaso duten istripuek ere nabarmen egin dute behera denbora tarte horretan, %84tik %43ra.

Denbora tarte horretan, 150.000 laneko istripu ikertu dira, 40.000 aholkularitza kontsulta egin dira, 80.000 bisita egin dira enpresetara, eta amiantoa kentzeko 3.000 plan egin dira. Jarduera horiekin guztiekin, Osalanek prebentzio lana lehenetsi duela azaldu du, “hasiera batean istripuak ikertzen zirelako, eta orain horiek prebenitzeko” lan egiten dela adieraziz. Ildo hori berretsi nahi izan du Urkulluk ere hitza hartu duenean: “Kontuan hartu behar da osasunean egiten den inbertsioa positiboa dela enpresen lehiakortasunerako; pertsonen ongizateak lan giro osasuntsua eskatzen du, eta, lanean gustura egonez gero, horrek lehiakortasunean eragina dauka”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.