Lan osasuna

Amiantoak hildako lau lankide gogoraraziko dituzte CAFeko langileek

Uralitak 300.000 euroko ordaina eman beharko dio Lasarte-Oriako langile bati, amiantoaren kontaktuan lan egiteagatik minbizia duelako.

CAFeko langileek amiantoaren biktimei egindako omenaldia, iazko urrian. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 24a
13:46
Entzun

CAFeko langileek bi orduko lanuztea egingo dute ostegunean, azken asteotan lankide izandako lau lagun amiantoaren erruz hil direla gogorarazteko. Sarrera nagusitik Beasain erdigunera joango dira manifestazioan, eta fabrikaren atarian dagoen amiantoaren biktimen oroitarrian omenaldi "xume" bat egingo diete M.M.A, S.C.P., T.N.M. eta T.A.G. lankide ohiei.

Enpresa batzordeak azpimarratu duenez, Beasaingo lantegian 35 langile hil dira dagoeneko amiantoaren hautsa arnasteak eragindako biriketako minbizien ondorioz. Langileen ordezkariak ez daude gustura CAFeko buruzagitzak amiantoaren arazoarekin duen jarrerarekin, eta gaixoei eta biktimen senideei kalte-ordainak emateko oztopoak jartzea egotzi dio.

Beste bi kasu

Gipuzkoako enpresa hori ez da eragozpenak jartzen dituen bakarra. Amiantoaren biktimen elkarteak, Asviamiek, jakinarazi du gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duela kalte-ordain baten aurka Uralita enpresak jarritako helegitea. Horrenbestez, Uralitak 300.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Fortunato M.G. langileari, frogatutzat jo baitu enpresaren Donostiako eta Lasarte-Oriako biltegietan lanean kontaktuan izan zela amiantoarekin, eta horren ondorioz asbestosi gaitza hartu zuela. Uralita errudun jo dute ez zuelako hautsa xurgatzeko sistemarik jarri eta ez ziolako langileari amiantoaren arriskuez ohartarazi.

Sidenorreko langile baten kasua bihar iritsiko da epaitegira. Ia 320.000 euroko kalte-ordaina eskatu dio F.J.L.S. langile ohiak altzairutegiari, uste duelako orain jasaten duen minbizia hainbat urtez amiantoarekin lan egin izanak eragin ziola. Asviamieko kideak Bilboko epaitegien aurrean elkartuko dira, langileari elkartasuna adierazteko.

Lan osasunaren nazioarteko eguna da hurrengo larunbata. Horren harira, LABek ziurtatu du 1993az geroztik 1.494 pertsona hil direla Euskal Herrian amiantoaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.