Metala

Bizkaiko metalaren ituna negoziatzeko gehiegizko soldatak eskatzen dituzte sindikatuek, FVEMen ustez

Jarrerak urrun daude oraindik, baina negoziazio mahaiarekin jarraitzeko asmoa azaldu du metaleko patronalak.

jarraia151231.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 24a
13:04
Entzun

Bizkaiko metaleko enpresak biltzen dituen FVEM patronalak argi hitz egin du gaur goizean: haren ustez, ez du zentzurik esateak soldatetan galdutakoa berreskuratu egin behar dela. Ez behintzat Bizkaian, eta metaleko sektorean. 2008an arlo horretako azken ituna sinatu zenetik, eta 2017. urtera arte, soldatak KPIaren gainetik bi puntu igo dira, Jose Luis Lopez patronaleko presidentearen arabera. “Enpresak soldatak igotzen ari dira, bakoitzaren merkatuaren arabera, eta dauzkaten eskaerak eta egoera ekonomikoa kontuan hartuta”. Igoera horiek %1,6 eta %2 ingurukoak izan direla argitu du.

Soldatak hobetzen ari direla esan du FVEMek, eta horregatik lan itun berria negoziatzeko sindikatuekin osatutako mahaian jarrerak urrun daudela ere aitortu du Lopezek. Areago, sindikatuek “gehiegizko soldatak” eskatzen dituztela salatu du, eta zaila dela jarrera bateraturik ez dutenen artean ezer adostea. Izan ere, esan duenez, sindikatuen artean ere jarrera ugari adostu gabe daude. “Horrela zaila da negoziazioak aurrera eraman ahal izatea”. Hala ere, negoziazio mahaiak aurrera jarraituko duela esan du, eta euren asmoa itun berria adostea dela, sindikatu denekin gainera: “Bistakoa da gehiengo sindikal batekin adostutako hitzarmenak mugatua den itun batek baino bide luzeagoa izango duela”.

Hala ere, sindikatuek eskatzen dituzten soldata igoerak gehiegizkoak direla esateaz aparte, FVEMeko presidenteak malgutasun handiagoa eskatu du “gero eta gehiago aldatzen diren merkatuei erantzuteko eta gero eta globalagoa den lehiari aurre egiteko”. Horregatik, negoziazioek aurrera jarraitzen duten arren, zaila dirudi epe ertainean itunik adostea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.