Bosgarren edukiontziaren erabilera hedatuko dute Bilbon, auzo guztietara zabalduz

Astelehenean hasita, bi fasetan ezarriko dute edukiontzien sare berria. Urtean 3.600.000 kilo hondakin organiko biltzeko helburua jarri du Bilboko Udalak.

Ricardo Barkala, iaz, auzo batzuetan jarritako edukiontziak aurkezten.
Ricardo Barkala, iaz, auzo batzuetan jarritako edukiontziak aurkezten. Bilboko Udala

Jon Ander De la Hoz -

2018ko apirilak 25

Bilboko auzo guztietan hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroiak jarriko dituzte. Astelehenean hasiko dute kanpaina berria, eta bi fasetan osatuko dute. Lehendabizi, orain artean edukiontzi marroirik ez zegoen auzoetan kokatuko dituzte, hiriko 5, 6, 7 eta 8 barrutietan. Ekainetik aurrera, 1, 2, 3 eta 4 barrutietakoak berrituko dituzte. Guztira, 1.500 edukiontzi berri jarriko dituzte. Gaur eguerdian eman du kanpainaren berri Ricardo Barkala Bilboko Udaleko Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotziak.

Edukiontziak irekitzeko sistema ere berria izango dela azaldu du Barkalak: "Orain artean giltzarekin zabaltzen ziren edukiontzi marroiak, baina hemendik aurrera txartel pertsonalizatu bidez irekiko dira". Etxe bakoitzak erabiltzaile txartel bat izango du.

Etxean organikoa biltzeko ontzietan erabiltzeko poltsak ere udalak banatuko ditu. Barkalak azaldu duenez, txartelarekin erabili ahalko diren makina automatikoetan eskuratu ahalko dira: "Edozein poltsak ez du balio. Horren jakitun, udalak banatuko ditu, doan".

Edukiontzien hedatzearekin egungo 9.200 erabiltzaileetatik 23.000tara igarotzea da asmoa. Horretarako, 260 biztanleko edukiontzi bat egongo dela azaldu du Barkalak, eta zehaztu du organikoaren birziklapena etengabe doala goraka Bilbon: "Iazko urtarriletik martxora 149.000 kilo organiko jaso ziren. Aurten, epe berean, 40.000 kilo gehiago".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna