kultura

III. eta VI. mendeen artean kokatu dituzte Iruña-Veleian aurkitutako euskarazko hitzak

Arabako Iruña-Veleiako aztarnategian egindako aurkikuntzak benetakoak direla esan dute Henrike Knorr euskaltzainak eta Joakin Gorrotxategi filologoak. Beraiekin batera Eliseo Gil indusketetako zuzendaria izan da gaur Gasteizen egin duten agerraldian. Erlijioarekin lotutako hitzak ezezik egunerokoak agertzen dira, eta horien artean esaldiak ere badaude. "Hemen hitz multzo bat dugu, eta eguneroko hitzak dira. Horrek esan nahi du idatzi egiten zela V. mendean, VI. mendean, edo lehenago", Gorrotxategik esan duenez.

Berria -

2006ko ekainak 15
=iUrdin isar, zuri urdin gori, edan ian lo, jaun, geure ata zutan, iesus, ioshe ata ta mirian ama=i. Hitz horiek irakur daitezke Arabako Iru˝a-Veleiako aztarnategian, Henrike Knorrek eta Joakin Gorrotxategik aipatu dutenez, eta lehen hipotesien arabera, III. eta VI. mendeen artekoak dira hitzok eta esaldiok. Egunerokoak eta esaldietan egituratuak egoteak gainera garrantzia eransten dio aurkikuntzari. "Pentsatzen genuen euskaldunak idatzietatik aparte geundela, eta ja ez gaude horren aparte. Hizkuntza askotan ez da ezer idatzi. Hemen dugu guk hitz multzo bat, eta eguneroko hitzak dira. Akitaniako aurkikuntzak zaharragoak dira, baina euskararen gainean eraikitako izen propioak dira. Hori da orain arte genekiena, baina hau besterik da. Batzuk solte baina beste batzuk perpausetan", dio Gorrotxategik. Joan den maiatzaren 7an aurkikuntzei buruz hitz egin eta Gorrotxategik aitortu duenez ez zuen ondo lo egin hurrengo egunetan, "ia 500, 600 urte aurreratzen baita gure kronologia". Dena den, zuhurtziaz jokatu behar dela esan dute filologoek. Komunikabideetan izan diren filtrazioekin ez daude gustura, izan ere, horiek ez baitute ikerketa oztopatu besterik egiten. Arkeologoek, historialariek, hizkuntzalariek eta zientzilariek oraindik lan asko dute egiteko; zein mendetakoak diren zehazteko, haien testuingurua ezagutzeko, eta esan dutenez, lan horiek guztiak amaitu bitartean ez dute aurkikuntzei buruz hitz egingo, urrira edo azarora arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna