Indarkeria matxista

Gaur emanen dute Iruñeko talde bortxaketaren auziko epaia

Akusazioek 22 urtetik gorako kartzela zigorrak eskatu dituzte bost auzipetuentzat, eta defentsak, absoluzioa. Behin-behinean kartzelan daude bost gizonak. 13:00etan jakinaraziko dute epaia.

Epaiketaren lehene gunean elkarretaratzea egin zuten. /
Epaiketaren lehene gunean elkarretaratzea egin zuten. / Jesus Diges/Efe

Ion Orzaiz -

2018ko apirilak 26

Epaiketa bukatuta, sententzia ateratzea hilabete bateko kontua izanen zela esan zuten auzitegiko iturriek. Magistratuen deliberoa, baina, bost hilabete luzatu da, eta 2016ko sanferminetako talde bortxaketa gertatu zenetik ia bi urtera helduko da epaia: gaur jakinaraziko dute, 13:00etan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko 102. aretoan.

Sententziaren irakurketa publikoa izanen da, baina, auziaren inguruan sortu den zurrunbilo mediatikoa dela eta, hedabideek aldez aurretik eskatu behar izan dute aretora sartzeko kreditazioa, eta ezin izanen dute barruan irudirik edo soinurik grabatu. Epaiketa bera ere ateak itxita egin zuten iazko azaroaren 13tik 28ra, akusatuen nahiz biktimaren intimitatea babesteko.

Sevillako (Espainia) bost gizonezko eseri ziren akusatuen aulkian, beste horrenbeste sexu eraso delitu eta indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurreta delitu bat egotzita. 22 eta 25 urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituzten haientzat. Zehazki, fiskaltzak 22 urte eta 10 hilabeteko kartzelaldia eskatu zuen bost akusatuentzat; akusazio partikularrak 24 urtera igo zuen eskaera; eta herri akusazioek, berriz, 25na urteko espetxealdia galdegin zuten.

Defentsek, berriz, absoluzioa eskatu zuten, eta epaia atera arte akusatuak behin-behinean aske uzteko eskaera egin zuen Agustin Martinez Becerrak, defentsako abokatuetako batek: «Ez lukete egun bakar bat gehiago kartzelan eman behar». Epaimahaiak ez zuen halakorik onartu. Hortaz, bost auzipetuak kartzelan dira gaur egun, epaiaren zain: hiru, Iruñeko espetxean, eta beste bi —guardia zibil bat eta militar bat—, Madrilgo espetxe militar batean.

Bideoak eta lekukotasunak
Auzibideak iraun zuen bitartean, akusazioek eta fiskalak tinko defendatu zuten 2016ko uztailaren 7koa «bortxaketa» izan zela. «Biktimarekin izandako sexu harremanetan ez zen baimenik egon; indarkeriaz eta larderiaz gauzatu zuten bortxaketa bost akusatuek», defendatu zuen Elena Sarasate fiskalak. Erabateko sinesgarritasuna eman zion biktimaren deklarazioari: «Emakumezkoak dioena koherentea da, ez dago kontraesanik, eta ez du gertatutakoa puztu». Bertsio horrekin bat eginen luke akusatuek sakelako telefonoekin grabatutako bideoak. Sarasateren irudiko, irudietan ikusten denak «baieztatu besterik ez du egiten emakumeak dioena».

Defentsaren abokatuek, ordea, kontrako bertsioari eusten diote. Argudiatu zuten frogak «kutsatuta» daudela, «bortxaketaren bertsioa baieztatzea» beste helbururik ez dutela, eta «errugabetasun ustekizuna» ez dutela aintzat hartu. Defentsaren arabera, Paulino Caballero kaleko bosgarren atarian gertatutakoa «adostutako sexu harremana» izan zen. Epaiketan deklaratu zuten perituen eta lekukoen adierazpenek, baina, ez dute teoria horrekin bat egiten, eta «biktimaren umiliazioa» nabarmendu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna