INDARKERIA MATXISTA

Elkarretaratze jendetsuak Euskal Herrian, Iruñeko erasoaren epaia salatzeko

Nafarroako Auzitegiak Iruñeko erasoari lotuta eman duen epaia salatzeko deitu dituzte mobilizazioak. Iruñean, 19:00etan hasi dute elkarretaratzea, Udaletxe plazan. Donostian eta Bilbon, ordu berean elkartu dira, lurralde auzitegien parean. Gasteizen, berriz, 19:30ean hasi dute protesta, Andre Maria Zuriaren plazan.  

2018ko apirilaren 26a
07:09
Entzun

Nafarroako Auzitegiak gaur eman duen epaia salatzeko mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriako hiriburuetan, eta hainbat herritan. 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia eman du auzitegiak, eta sexu abusu delituagatik zigortu ditu bost gizon auziperatuak. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri die, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari. Horretaz gain, bi hilabetez eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute lapurretagatik —sakoelako telefonoa kendu zioten emakumeari—.

Epaiak kontrako erreakzio ugari eragin ditu, ez dituelako auzipetuak sexu eraso delituarengatik zigortu, sexu abusugatik baizik. Epaimahaiak ez du uste auzipetuek indarkeriarik edo larderiarik erabili zutenik, biktimaren kontra. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ere epaia kritikatu dute, auzipetuek egindako delitua "beheratu" duela iritzita.

Epaia publiko egin eta gutxira, mobilizioetara deitzeko mezuak zabaldu dira sare sozialetan, eta berehala zehaztu dira elkarretaratzeak egiteko ordu eta lekuak Hego Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Iruñean, 19:00etan hasi dute elkarretaratzea, Udaletxe plazan. Donostian eta Bilbon, ordu berean elkartu dira, lurralde auzitegien parean. Gasteizen, berriz, 19:30ean abiatu dute protesta, Andre Maria Zuriaren plazan.

Iruñean, jendez bete da erabat plaza, eta herritar ugari inguruko kaleetan pilatu da, plazara ezin iritsi. Jendea haserre agertu da epaiarekin. "Ez da abusua, bortxaketa" da oihukatu dute manifestariek.

Kalean elkarretaratzea egiten ari zen bitartean, Uxue Barkos Nafarroako presidenteak argazki bat zabaldu du sare sozialetan, honako mezuarekin: "Iruñea, 19:30ak. Buelegoan, Beaumont kontseilariarekin epaiaren kontrako helegitea aztertzen. Nafarroako Gobernuaren zerbitzu juridikoak lehen unetik ari dira lanean".

Iruñean bezala, elkarretaratze jendetsuak egin dira Gasteizen, Bilbon eta Donostian ere.

Gasteizen, "larritzat" jo dute Iruñeko erasoa bortxaketa gisa zigortu ez izana. Kritikatu dute epaileek ez dituztela defendatzen emakumezkoen bizitzak, sistema kapitalista heteropatriarkala baizik. Elkarretaratzean bildutakoek manifestazioa abiatu dute, Epai hau indarkeria da lelopean.

Bilbon, jendez gainezka egin du Buenos Aires kaleak, Justizia Jauregiaren parean. Bidea itxita izan dute ordu bete baino gehiagoz. Elkarretaratzea Udaletxearen parera eraman dute, ondoren. Manifestariek bete egin dute udaletxe aurreko zabalgunea ere.

Donostian, "justizia patriarkala justizia ustela" dela salatu dute, eta 2016ko sanferminetan izandako erasoa "bortxaketa" izan zela ziurtatu dute. Elkarretaratzea amaitzerakoan, dei egin dute bihar eguerdian berriz ere biltzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.