Indarkeria matxista

Manifestazio nazionalera deitu du biharko mugimendu feministak, Iruñean

Justizia Jauregiaren paretik abiatuko da mobilizazioa, 12:30ean. Iruñeko taldeko sexu erasoaren gainean emandako epaia salatu du mugimendu feministak, eta ohartarazi du halako erabakiek arriskuan jartzen dituztela emakumeen bizitzak.

Iruñerriko mugimendu feministaren agerraldia manifestazioa iragartzeko. /
Iruñerriko mugimendu feministaren agerraldia manifestazioa iragartzeko. / Iñigo Uriz/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko apirilak 27

Mobilizazio jendetsuak izan ziren, atzo, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, bai eta herriz herri ere. Elkarretaratzeek utzitako irudiek martxoaren 8ko mobilizazioaren indarra gogorarazi zuten, eta uholde haren indarrak segida duela erakutsi. Bihar, beste indar erakustaldi bat egiteko prest da mugimendu feminista, eta manifestazio nazionalera deitu du, Iruñean. Mobilizazioa Justizia Jauregiaren paretik abiatuko da, 12:30ean.

Mugimenduak salatu du Nafarroako Auzitegiak eman duen epaiaren gisako erabakiekin arriskuan jartzen direla emakumeen biziak: "Ulertzera ematen duelako indarkeria edo larderia egon dadin emakumeok aktiboki kontra egin behar dugula". Ohartarazi dutenez, erresistentzia aktiboa exijituz gero, emakumeen kontrako erasoak "biolentoagoak" izango dira. Konparazioa egiteko, esan du kutxa automatiko batean lapurreta jasaten duenari ez zaiola lapurrari aurre egitea exijitzen, eta kasu horretan onartzen dela indarkeria edo larderia erabili dela haren kontra. "Justizia heteropatriarkalak gehiago babesten du jabetza pribatua emakumeen eskubide eta gorputzak baino".

Nafarroako Auzitegiak sexu-eraso delitutik absolbitu zituen Iruñeko taldeko sexu erasoari lotuta auzipetutako bost gizonezkoak. 2016ko sanferminetan emakume bati sexu abusua egin ziotela ebatzi du, eta bederatzina urteko espetxealdira zigortu ditu. Horrez gain, bosna urteko zaintzapeko askatasuna, eta hamabost urtez biktimarengandik urruntzeko eta harekin harremanik ez izateko agindua ere ezarri die. Fiskaltzak 22na urteko espetxealdia eskatzen zuen; akusazio partikularrak, 24na urtekoa; eta herri akusazioek, 25 urtetik gorakoa.

Atzo bezala, elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan, eta bihar Iruñeko manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Mugimendu feministaren deialdiarekin bat egin dute Iruñako Peñek. Epaia "ulergaitza" da, haien esanetan, idarkeria edota larderia izan zenik ukaten duelako. Horrez gain, adierazi dute epaiak argi utzi duela Justizia "sistema patriarkalaren zutabeetako bat" dela. Hona peñek argitaratu duten agiria:

Erreakzio ugari eragin zituen ebazpenak, publiko egin bezain laster. Mugimendu feministako hainbat elkartek salatu zuten Justizia "gizonen neurrira" egina dagoela, eta hura berrikusteko beharra nabarmendu dute. "Kasu askotan ikusten dugu erasoa egin diotena epaiketara doala segurtasun gutxirekin, zaurgarri; justizia erabat patriarkala baita", adierazi du Irati Gonzalez Bilgune Feministako kideak.

Erakunde publikoek ere "desadostasuna" agertu dute auzitegiak hartutako erabakiarekiko. Auzian aztertu diren gertakariak sexu eraso jo ez izana salatu dute Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak. Nafarroako talde politiko guztiek gaitzetsi dute epaia, aho batez. Eusko Jaurlaritzak ere kritikatu egin du epaimahaiaren erabakia, eta adierazi du ez datorrela bat gizartearen sentsibilizazioarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna