Indarkeria matxista

Sexu erasoen tipifikazioa eguneratzeko aukera aztertuko du Espainiako Gobernuak

Fiskaltzak jakinarazi du epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko duela. Nafarroako Gobernuak berretsi du helegitea jartzeko lanean ari direla zerbitzu juridikoak.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. /
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. / Angel Diaz/EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko apirilak 27

Espainiako Gobernua ere mugiarazi du Iruñeko taldeko sexu erasoen epaiak gizartean eragin duen haserreak. Iñigo Mendez de Vigo gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez, Madrilek aztertu egingo du sexu erasoekin lotutako delituen tipifikazioa eguneratzea beharrezkoa ote den. "Rafael Catala Justizia ministroak jakinarazi du harremanetan jarri dela gaur goizean Kodifikazio Batzorde Nagusiarekin delitu horien tipifikazioa, 1995ekoa, Felipe Gonzalezen garaikoa dena, gure ordenamendu juridikoan era egokian jasota dagoen ala eguneraketa bat beharrezkoa den aztertzeko".

Mendez de Vigok argitu du gobernuak "onartu eta errespetatu" egiten duela Nafarroako Auzitegiaren epaia, baina gaineratu du hura ez dela irmoa eta helegitea jartzeko aukera dagoela. Fiskalak helegitea jarriko duela nabarmendu du. "Gobernua beti egon da eta beti egongo da biktimekin".

Epaiaren edukiak lege hauste bat duela argudiatu du fiskalak: "Sexu eraso bat da, ez abusua bakarrik". Hala defendatu du helegitea jartzeko erabakia. Ohar bidez adierazi du datozen egunetan aurkeztuko duela.

Bere aldetik, iragarritakoa bete eta helegitea jarriko duela berretsi du Nafarroako Gobernuak. Hala jakinarazi dute Ana Ollo eta Maria Solana gobernuko kontseilariek, gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Gobernuak dio epaiak kontraesanak dituela, eta uste du erasoa bortxaketa bat izan zela ebazteko adina froga badaudela: "Epaiketa nola iragan den eta zer jaso den ikusita, ikus dezakegu 2016ko sanferminetan gertatutakoa bortxaketa izan zela".

Akusazioak hamar egun ditu helegitea jartzeko, eta zerbitzu juridikoak hura prestatzen ari direla jakinarazi du Solanak: "Nafarroako Gobernuak espero zuen zigorra nabarmen beheratu dute epaileek". Hala, adierazi dute gobenuak sexu erasoa izan zela ulertuz hartu duela parte epaiketan, eta fiskaltza, instrukzio epailea eta akusazioa bat etorria direla analisian: "Larderiaz eta indarkeriaz eginiko erasoa izan zen". Epaiarekin desados agertu dira, eta oroitarazi dute ez dagoela "indarkeriarik gabeko erasorik".

Ollok gaineratu du gobernuak bat egiten duela "herritarrek erakutsitako haserrearekin". Halaber, zehaztu du "genero desorekaren adibide" dela fokua erasotzaileen jarreran jarri beharrean emakumearen erantzunean jartzea.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna