Zinema

'Aala Kaf Ifrit' filmak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari nagusia

Kauter Ben Hania tunisiar zuzendariarena da, eta bortxaketa bat pairatu duen emakume baten jazarpen egoera kontatzen du; egiazko gertakizun batean oinarritua dago.

'Aala Kaf Ifrit / Beauty and the dogs' filmeko irudi bat.
Gorka Erostarbe Leunda.
2018ko apirilaren 27a
14:00
Entzun

"Zehaztasunez landua dago bortxaketa bat salatu nahi duen emakumeak nola sufritzen duen jazarpena eta nola egozten dioten errua berari". Epaimahaiak hala azaldu du Kauther Ben Hania zinemagile tunisiarraren Aala Kaf Ifrit / Beauty and the Dogs (2017) filmaren balioa. Hark irabazi du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 16. jaialdia. Egiazko gertakizun batean oinarritua dago, eta xehetasunez ageri da Mariam protagonistak jasaten duen "urraketa fisiko eta moral larria". Bortxaketa izan ondorengo "gau luzea" nola doan ageri da, hura salatzen saiatzen denean.

Erakundeen "zurruntasuna" agertzen du filmeak: "Segurtasun indarren zigorgabetasuna eta korporatibismoa ikusten dira, eta biktima defendatzen saiatzen direnek hartzen dituzten arriskuak". Gaur eguerdian jakinarazi dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Giza Eskubideen Zinemaldiaren palmaresa, eta Joxemi Beltran zuzendariak goraipatu du "emakumeen aldarrikapenak goraldian diren honetan, film honek gogoetarako beste elementu bat" dakarrela. 

Iragan ostiralean hasi zen jaialdia, eta gaur itxiko dute Viktoria Eugenia antzokian bertan, 20:00etan. Ospakizun horretan emango diote Kauther Ben Hania zuzendariari Amnesty Internationalen saria, hots, Koldobika Jauregi artistak egindako Etorriak izeneko eskultura.

Film labur onenaren gazte epaimahaiaren saria Cesar Vallejo espainiarraren El viaje a Islandia filmarentzat izan da. Filmak Luis de Marcos Veraren kasua azaltzen du, bera protagonista izanik. Luisek 50 urte ditu eta duela hamar urtetik esklerosi anikoitza du. Epaimahaiaren iritzian, Cesar Vallejok oso ondo adierazten du gizarteko tabu handienetako bat: heriotza. Aldarripakena ere egiten du: "Gai horretaz hitz egin behar dela: heriotzaz, lagundutako suizidioaz eta eutanasiaz gizartean hitz egin ebhar da, normalizatu arte". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.