Gizarte mugimenduak

Ehunka pertsona bildu dira Bilbon beste hiri eredu bat eskatzeko

Bilboko auzo elkarte guztiek eta bestelako ehun elkarte baino gehiagok babestu dute deialdia, eta Bilbok sozialagoa, justuagoa, parekideagoa eta kohesionatuagoa izan behar lukeela aldarrikatu dute

Bestelako Bilbo bat eskatzeko egindako manifestazio buruan joan den pankarta nagusia
Bestelako Bilbo bat eskatzeko egindako manifestazio buruan joan den pankarta nagusia

Iñigo Astiz -

2018ko apirilak 28

“Beste Bilbo bat posible da. Borrokatu dezagun batera orain arte banaturik defendatu duguna”. Lelo nagusi hori izan du eguerdian Bilbon egin den manifestazioak, eta ehunka pertsona batu ditu haren atzean. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ehun elkarte baino gehiagorekin batera egin du deialdia, eta, horregatik, pankarta nagusiaren atzean, hamaika pankarta eta afixaren bidez eman du talde bakoitzak bere eskari propioen berri. Tartean ziren, besteak beste, prekarietatearen aurkako mezuak, Abiadura Handiko Trenaren aurkakoak, auzoan igogailu bat jartzearen aldekoak, garraio sistema hobetzeko eskaria egiten zutenak, irisgarritasuna aldarrikatzen zutenak eta auzoa gurutzatzen duten autobidearen aurkakoak. Baina guztiak joan dira, deialdi bateratuaren aterkipean, eta Udaletxe aurrean amaitu dute manifestazioa, testu bateratua irakurriz. “Erakusleiho-hiriaren eredua geldiarazi behar da”.

Elkarlanaren alde mintzatu dira Fernando Atxa eta Alaitz Argandoña Bilboko Auzo Elkarteko Federazioko kideek ekitaldi amaierako ekitaldian. Zehaztu dutenez, hirian “giza inklusioa” eta “hiritarren parte-hartzea ” defendatzeak batzen ditu manifestazioarekin bat egin duten elkarte eta pertsona guztiak. Salatu dute “pobrezia”, “eskasia” eta “bazterkeria” handituz doazela hirian, eta pribatizazioaren aurrean “publikoa dena” defendatzeko deia egin dute. “Ezarri nahi diguten eredu ekonomikoa ez da jasangarria, turismoaren zerbitzura jartzen delako bereziki”.

Harremanak “gaiztotuta” daudela ere kritikatu dute, erakundeek ateak itxi egiten dizkietelako gizarte mugimendu eta hiritarrei. “Horrela ezinezkoa da hiri kohesionatua eraikitzea”, gehitu dute. Adostasuna eskatu dute horregatik.

Iruñeko monibilizazioei keinuak

Iruñean egin den 2016ko sanferminetako sexu erasoaren epaia salatzeko manifestazioari ere egin diote keinu bat baino gehiago Bilboko manifestazioak. Lurralde auzitegi aurrean, esaterako, oihuka hasi da jendea: “Ez da abusua, bortxaketa da”. Eta aipamen zehatza ere egin diote gaiari Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko kideek. “Eraiki nahi dugun Bilbon, guk sinisten dizugu”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna