Indarkeria matxista

Presondegian sartu dute Garazin atxilotu gizona, bikotekide ohia hiltzea egotzita

“Arma bitartez, intentziorik gabe, baina heriotza eragin duen nahita egindako bortizkeria” akusazioa atxiki du epaileak. Haren askatasunaren inguruko eztabaida ostegunean iraganen da, eta defentsa prestatzeko epe bat eskatu du.

Emaztea hil zuen lekuan, afixa bat lurrean. ISABELLE MIQUELESTORENA
Eneko Etxegarai Urain.
2018ko apirilaren 30a
08:38
Entzun

Emazte bat hilik aurkitu zuten larunbat goizaldean Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), eta haren bikotekide ohia ikerketapean jarri ostean, arratsalde honetan kartzeleratzea erabaki du epaileak. Atxilotuta dago larunbatetik, eta prokuradoreak kartzeleratzea eskatu du, arma bitartez (autoa), intentziorik gabe, baina heriotza eragin duen nahita egindako bortizkeriaz akusaturik, bai eta alkoholaren eraginpean gidatu izanaz. Bere askatasunaren inguruko eztabaida ostegunen iraganen da, eta defentsarako epe bat eskatu du akusatuak.

2017an emakumeak tratu txarrengatik salaketa jarri zuela baieztatu du Samuel Vuelta Simon prokuradoreak: “2017ko ekainaren 26ean prokuradorearen delegatuk legea oroitarazi zion”.

Andreak 32 urte zituen, eta Donibane Garazin bertan bizi zen. Auto batek harrapaturik zendu zen. Emaztearen bikotekide ohia zen auto horren gidaria, eta ikerketapean dago. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak BERRIAri azaldu zionez, gizonak adierazi zuen istripuz harrapatu zuela emakumea. Alkohol proba egin zioten, eta positibo eman zuen.

Hildako emaztearen lagun min batek adierazpena egin ditu prentsan, eta azaldu du, ez duela sinesten istripua izan zenik. Hildakoak salaketa jarri zuen 2017an gizonezko horren kontra.

Goizaldean jaso zuten abisua larrialdi zerbitzuek, 04:40 aldera: berri eman zieten emakume bat kordea galduta zegoela Donibane Garaziko Kale Nagusian, turismo bulegotik gertu. Herriko suhiltzaileak joan ziren artatzera, baina ezin izan zuten suspertu, eta kalean bertan zendu zen. Poliziak ikerketa hasi zuen berehala, zantzuak baitzituzten ibilgailu batek harrapatuta zendu zela emaztea. Lehen ikerketen arabera, Kale Nagusian oinez zihoan emaztea.

Prokuradoreak azaldu duenez, emaztearen bikotekide ohia bertan zen larrialdi zerbitzuak iritsi zirenean, eta haiei laguntzen aritu zen. Ez zien esan, ordea, berak harrapatu zuenik emaztea. Ibilgailua handik urrundu zuen gizonak, eta ehun bat metrora utzi zuen, aparkaleku batean. Poliziak eremua itxi zuen, ikerketa martxan jartzeko, eta gizonak aitortu zuen berak harrapatu zuela emakumea. Hain justu, kolpearen zantzuak ditu ibilgailuak. 08:00 aldera atxilotu zuten bikotekide ohia, emaztea hil eta hiru ordura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.