Enpresak

CAFek 37 tren egingo ditu Amsterdamgo metrorako

Beasaingo konpainiak kontratu berri bat sinatu du, Amsterdamgo metroko unitate berriak hornitzeko.

Andres Arizkorreta CAFeko presidentea, urtarrilean, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 2a
11:20
Entzun

CAFek aurtengo lehen lau hilabeteetako kontratazioaren kopurua 350 milioi eurora igo du, berriki irabazitako kontratuak kontuan hartuta: Bartzelonako metroarena, Gasteizko tranbiena, Napoliko metroarena, eta gaur bertan jakinarazi duena, Amsterdamgo metroko unitate berriak hornitzeko kontratuarena.

GVB Activa B.V.-k, Amsterdamgo garraio publikoko operadoreak, Beasaingo (Gipuzkoa) trengilea aukeratu du hiriko metro unitate berriak hornitzeko. Guztira, hiruna kotxeko 30 M7 tren honituko ditu; hala ere, kontratuak aukera zabaltzen du beste 30 unitate gehigarri eskatzeko eta, kotxe kopurua ere hirukoa beharrean seikoa izateko. CAFek ez du argitu zenbat eurokoa den sinatu berri duen kontratua.

Konpainiak azaldu duenez, tren berri horien helburua, zerbitzuan diharduen flota zaharra ordezkatzeaz gain, Amdtersamgo metro sarearen garraio gaitasuna handitzea da. "Herbehereetako hiriburuak 800.000dik gora biztanle dauzka, eta europako turismo erakargune nagusieneteakoa da. Hala, hiriak "bidaiarien hazkundeari erantzun behar die", CAFek esplikatu duenez, eta azpimarratu du North-South Metroline berria irekita, metroa Amsterdamgo garraio publikoko bizkarrezur bihurtu da.

Herbehereetako hiriburuko metro berriak hiru kotxekoak izango dira, hala ere, metroak binaka elkartzeko gaitasuna dute sei kotxeko trenak osatuz. Konpainiak azaldu duenez, metroa prestatuta egongo da gidaririk gabe ibiltzeko, modu automatikoan. "Gainera, punta-puntako ekipamendua eta bidaiarien informazio sistemak edukiko dituzte, energia eraginkortasuna bermatzeko eta mantenu erraza izateko diseinatuta egongo dira", esplikatu du CAFek.

Harreman luzea

Ez da estreinakoa CAFen eta CVBren arteko harremana: batetik, Amsterdamgo garraio publikoko operadoreak 1994an CAFi esleitu zion 37 metro unitate hornitzeko eskaria, eta, oraindik orain, ibilgailu horiek Amstserdamgo sarean zerbitzuan dabiltza; bestetik, 2016an 63 tranbia hornitzeko kontratua adjudikatu zion CAFi, oraindik exekuzio fasean dagoena.

Hiriburutik kanpo, Herbehereetan beste bezero batzuentzat ere badabil lanean Beasaingo enpresa: 118 EMU Herbehereetako trenbideentzako eta 27+22 tranbia Ultrechteko probintziarako. "Egitasmo horiek Europako merkatuan CAFen presentzia sendotzearen froga dira", konpainiak azpimarratu duenez, eta gogora ekarri du iaz Erresuma Batuan, Italian eta Belgikan, besteak beste, kontratu garrantzitsuak lortu zituela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.