Enplegua

Langabeziaren jaitsiera bizkortu egin da apirilean

Joan den hilabetean 3.651 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Gizarte Segurantzan afiliazioa ere neurri berean igo da, 4.000 afiliatu gehiagorekin.

Lanbideren bulego bat. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2018ko maiatzaren 4a
13:30
Entzun

Langabeziaren datuek hobera egin dute joan den hilabetean Hego Euskal Herrian. Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, orotara, 159.423 langabe zenbatu dituzte apirilean, martxoan baino 3.651 gutxiago, eta Gizarte Segurantzarako afiliazio datuek ere orain arteko bilakaera positiboarekin jarraitu dute, 4.005 lagun gehiago zerrendatuta. Aste Santua aurten martxoan izanak ez du eragotzi aurtengo apirila azken urteetako onena izatea langabeziaren murrizketarako —enpleguaren mesederako izan ohi da Aste Santua—.

Sektore guztietan jaitsi da langabeen kopurua, baina murrizketa nagusia zerbitzuen alorrari esker etorri da, 2.732 langabe gutxiagorekin. Industrian, 432 langabe gutxiago izan dira apirilean, eraikuntzan 371 gutxiago, eta nekazaritzan ere 213 lagunetan apaldu da langabezia.

Herrialdeka, Bizkaian jaitsi da gehien langabeen kopurua —1.434 gutxiago—, eta Nafarroan ere dezente apaldu da —1.391 langabe gutxiago—. Gipuzkoan jaitsiera txikiagoa izan da, 571 langabe gutxiago zenbatu baititu Lanbidek. Araban ere murriztu da lanik gabekoen zenbatekoa, 255 lagun. Apirilean Bizkaiak zuen langabe gehien, 71.968; Nafarroa zetorren ondoren, 34.519 langaberekin; Gipuzkoa zen hurrengo zerrendan, 32.760 langaberekin; eta Araban zegoen langabe gutxien, 20.176.

Langabezian dauden pertsona guztietatik %57 dira emakumezkoak, zehazki 91.006.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.