Gizartea

Elkartasun sarea, etorkinekin

Mediterraneoa zeharkatuta Europara iristen diren etorkinei harrera eskaintzeko sarea osatzen ari da Ipar Euskal Herrian. Herritar anitzek eskaini diete aterpea beharrean zirenei. Elkarbizitza aberasgarria kontatu dute, bere gorabehera guziekin

Etorki bat Baionara so.
Etorki bat Baionara so. BERRIA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko maiatzak 7

Gerla eta mota guzietako jazarpenetatik ihesi, etorkizun hobe baten bila, milaka gizon, emazte eta haurrek pasatzen dute Mediterraneo itsasoa Europara sartzeko asmoarekin. Gehienek asilo eskaera bat egiten dute, errefuxiatu estatusa lortu eta bizi berri bati hasiera emateko gogoz, baina gutxik lortzen dute. 100.000 eskaera izan ziren iaz Frantzian; heren batek lortu zuen. Ipar Euskal Herrian, urtero 400 bat kontatzen dituzte etorkinak laguntzen dituen CIMADE elkartearen harrera guneetan. Elkartasun sareak osatzen ari dira, harrera antolatu eta etorkinei aterpea eskaintzeko.

Orain dela bi urte hasi ziren antolatzen Itsasu aldean, “etorkinen krisia” hasi zenean. “Herriko etxean eskatu genuen kolektiboki zerbait egitea etorkinen alde. Herriko etxebizitza bat etorkinak aterpetzeko uztea eskatu genuen, besteak beste”, kontatu du Brunok. 67 urteko gizona arduratzen da eskualde guzian sarea biziarazteaz. Herriko etxetik ez zuten erantzun baikorrik jaso; “lehentasuna herritarrei ematea” ebatzi zutela dio Brunok; elkarte gisa antolatu ziren, eta azken bi urteetan etorkinak aterpetu dituzte. “Bakoitzak bere mailan parte hartzen du. Batzuek dirua ematen dute, besteek jantziak, batzuek proposatuko dute etorkinen haurrak beren haurrekin jostatzera joatea… Nik denak maila berean ematen ditut”, adierazi du. Gaur egun, Bidarrai, Itsasu eta Kanbo artean antolatua da taldea, eta gutxi gorabehera 30 bat pertsonak hartzen du parte. Etorkinekin taldean sartuak dira.

Itsasukoa ez da gisa horretako egitasmo bakarra. Azken hilabeteetan sare oso bat antolatzen ari da Ipar Euskal Herrian, eta jende andanak ireki ditu bere etxeko ateak etorkinak aterpetzeko. Batzuek modu antolatuan, besteek beren baitarik, dozenaka dira elkartasun keinuak egiteko prest agertu direnak. Jadanik bi etorkin atxiki ditu etxean. “Etorri dira hona, eta gu lasai-lasai geldituko gara? Nik ezin dut. Gizarte moduan badugu ardura, bai, baina norbanako bakoitzak ere badu: behartuak gara gure alea ematera”, adierazi du. Ipar Euskal Herriko elkarte ezberdinekin harremanean da, eta horietako batean, etxean etorkinak hartzeko aukeraz mintzatu zitzaion ezagun bat; semearekin aipatu ondotik, onartu zuen. Orain dela aste batzuk, Sudango mutil gazte bat atxiki zuten; Boli Kostako beste bat aterpetzen ari da egun hauetan.

Brunoren ustez, bakoitzak ditu bere sinesteak: batzuek erlijioari lotuak; besteek, sineste humanistak edo politikoak. “Ni komunista naiz. Ez diot alderdi komunistako kidea naizenik; komunista naiz. Uste dut gauzen gehiengoa kolektiboan egin beharko litzatekeela eta kolektiboaren onerako”, azaldu du. “Beste garai batean euskaldunak aterpetu nituen; orain etorkinak aterpetzen ditut”.

Elkarbizitza aberasgarria

Arras egoera ezberdinetan diren etorkinak errezibitzen dituzte Etorkinekin sarearen bidez: asilo eskaera egin dutenak, lan bila heldu direnak, paperak dituztenak, paperik gabeak, gizon ezkongabeak, haurrekin heldu diren emazteak… Bata eta bestearen artean bereizketarik egiten ez dutela segurtatu du Brunok. “Haatik, lehentasunak ezarriko ditugu. Aldi berean gizon ezkongabe bat eta bere haur txikiarekin heldu den emazte bat aterpetu behar baditugu, bigarrena lehenetsiko dugu”. Segurtasunari dagokionez, ez dute neurri berezirik hartzen. “Hasieratik erabaki genuen herrian bizi normala egin behar zutela. Guri garrantzitsua zaigu, jendea ez gorderik egotea -salbu gordea egoteko beharra dagoenean-“. Haren iritziz, gizartearen gehiengoa ez da ados etorkinen etorrerarekin, baina, haiekin elkartu eta ezagutzen badituzte ikuspegiz alda dezakete. “Ez dira gehiago fenomeno politiko eta mediatiko bati konfrontatuak, telebistan ikusten duten zerbaiti; pertsona bat dute parean, etorkin bat. Eta pertsona bat duzunean parean, ez duzu berdin erreakzionatzen; gehienetan hobeki erreakzionatzen duzu”.

Hala, Itsasuko bestetan berekin trago bat hartzera eraman izan ditu etorkinak, herritarrekin gurutzatu zitezen. Berriki, Mauritaniako emazte bati egin diote harrera bere alaba txikiarekin. Eskolara eraman zuten zuzenean izena emateko, eta han, gurasoei dei egin zieten horietako bat eskolara joan-etorriak egiten laguntzeko prest izango ote zen galdetzeko. Berehala agertu ziren boluntarioak. “Ez ziren batere gure taldekoak, eta seguruenik ez zuten sekula pentsatua etorkin bat laguntzeko boluntario izanen zirenik”. Adierazpen desatsegin bakarrak herriko kontseiluan entzun zituela dio; “adierazpen arrazistak”, auzapezaren taldeko hautetsi batzuek atxikiak. “Baina ez dira gehiengoa. Gehiengoa isilik egon zen. Eta herriko apartamentu bat uztearen kontra bozkatu zuten”.

Baionan ere ez du sekula arazo berezirik izan Pantxikak, baina aitortu du Poliziarekin gurutzatzeak lehenago eragiten ez zion arrangura sortzen diola. “Auzoan ere ez dugu sekula arazorik izan. Inork zerbait galdetzen badit, semearen lagunak direla erantzuten dut”. Egunero, ordu bat edo bi pasatzen ditu etorkinekin, ikasten laguntzen. “Orain dela hiru aste gure etxean egon zenak arabieraz besterik ez zekien, frantsesez hitz gutxi, eta ez zekien irakurtzen eta idazten. Beren herriaz gehiago jakiteko modu bat ere bada”.

Etorkinei harrera egitean, erlijioaren gaia biziki fite atera ohi dela dio Brunok. “Ginear bat izan nuen etxean, eta izan genituen eztabaida nagusiak erlijioari lotuak izan ziren, bai bakoitzaren sinesteez eta bai ez-sinesteez. Ni ateoa naiz. Eta egia da musulman batek aski gaizki ulertzen duela hori”. Aitortzen du gordinki mintzo dela eta erran behar duena erraten duela. Aterpetzen duenaren ohiturak errespetatzen ditu, bereak aldatu gabe.

Eztabaida eta kalapita andana izan duela kontatu du, baina, haren ustez, dena gainditu daiteke. “Jende normala da, bere kalitate eta alde txarrekin. Konplikatua eta aberasgarria da, biak batera”. Itsasun ezarri duten araua hau da: etorkin bat aterpetzean, kontratu bat izenpetzen dute harekin. “Aterpetzaileak eta aterpetuak hartzen dituzten engaiamenduak dira”. Aterpetze epea zenbatekoa izanen den adosten dute, eta aterpetu duten lekua eta harekin bizi direnak errespetatzeko. “Modu kolektiboan bizi garenean, bakoitzak bere intimitate momentuak behar ditu. Nire etxean, gela batzuetara ez sartzeko eskatzen diet, eta ni ere ez naiz sekula sartuko aterpetzen dudanaren gelan haren baimenik gabe. Funtsean, etorkinari koadro bat ematea da helburua: adibidez, telebista ikusten ari bagara, posible da denek gauza bera ikusi nahi ez izatea. Baina nik orain arte dudan esperientzian, ez da inongo arazorik aterpetzen ditugun jendeek etxeko lanetan parte har dezaten. Gero hara, gertatzen da haserretzea. Uste dut ez dela beldurtu behar errateaz. Ez dut uste egokia denik hau dena modu idilikoegian aurkeztea. Norbait aterpetuko dutenean, jendeari beti erraten diot gauza zaila dela. Ez dut nahi jendea nekatu dadin, edo uko egin diezaion”. Arlo materialean, aterpea eskaintzen duenak ezin badu bere gain hartu, elkarteak hartzen du, eta elikagai bankuarekin, eta Gurutze Gorriarekin moldatu ohi dira oinarrizko beharrentzat.

Erreportaje osoa, Iparraldeko Hitza-n.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna