Konponbideari begira

Kofi Annanek kendu egin du presoen aldeko maindirea eta estelada ikusten ziren txioa

Txioa egin eta ordu gutxira hura kendu eta beste bat jarri zuen. Txio berrian Genevako ekitaldiko argazkia jarri zuen, eta aurrenekoan idatiz zuen Europaren erreferentzia ez zuen jarri bigarrengoan.

Kofi Annan, Aieten, Paul Riosekin.
Kofi Annan, Aieten, Paul Riosekin. Raul Bogajo/Foku

Berria -

2018ko maiatzak 7

Asko zabaldu zen sarean Kofi Annanek joan den ostiralean idatzi zuen txioa. ETAk desagertu dela jakinarazi eta hurrengo egunean idatzi zuen. Izan ere, Aieteko Bake konferentzian izan zen Annan, eta berak ere sinatu zuen Aieteko Adierazpena. Aieten abiatutako zikloari amaiera jarri zion Kanboko ekitaldiak, baina Annan ez zen izan Arnagan. Nolanahi ere, mezua igorri zuen eta txio bat idatzi.

Txioan jarri zuen, bakea eraikitzeko elkarrizketa erabili behar dela. Eta, egiteko asko gelditzen den arren, ETAren desegitearen eguna, "Europan ospatu beharreko eguna" dela gaineratu zuen.

Txioa, baina, ezabatu egin zuen ordu batzuk pasatu ostean. Berria idatzi zuen orduan. Ez zuen berriz jarri euskal preso eta iheslariak etxeratzeko eskatzen duen maindirea eta estelada zeramatzan argazkia, eta haren ordez, Genevako ekitaldiaren argazkia jarri zuen. Testua ere aldatu egin zuen. "Europa" hitzik ez da ageri txio berrian, eta "Espainiako historian atal zail bat" amaitu dela dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna