KATALUNIA

Presidentetza Legearen erreforma inpugnatzeko bidea ireki dio Estatu Kontseiluak Espainiako Gobernuari

Auzitegi Konstituzionala tramiterako onartzekoa da Puigdemont telematikoki inbestitzea ahalbidetzen duen aldaketa.

Carles Puigdemont eta Elsa Artadi, igandean, Berlinen egin zuten bileran. OMER MESSINGER, EFE
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 7a
14:42
Entzun

Espainiako Gobernuak prest dauka helegitea, eta gaur helaraziko dio Konstituzionalari. Auzitegiko magistratuak bihar eta osteguna bitartean dira biltzekoak, eta, hainbat hedabidek auzitegiko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, litekeena da etzi erabakitzea tramiterako onartu ala ez. Sekulako okerrik ezean, tramiterako onartuko du, eta, beraz, automatikoki bertan behera geratuko da joan den ostiralean Kataluniako Parlamentuak onartutako erreforma.

Joan den urtarrilaren amaieran, Espainiako Gobernua Puigdemont Generalitaterako presidentegai izatearen kontra helegitea jartzekotan zegoenean, Estatu Kontseilua —organo kontsultiboa da, eta haren erabakiak ez dira lotesleak— inpugnazioaren kontra azaldu zen, argudiatuta ez zegoela horretarako oinarri juridikorik. Madrilek, halere, aurrera egin zuen. Konstituzionalak ez zuen tramiterako onartu helegitea, baina, salbuespen gisa, kautelazko neurri batzuk ezarri zituen, eta Puigdemonten inbestidura telematikoa debekatu. Orduan jarritako helegitea duela bi aste onartu zuen tramiterako Espainiako Gobernuak, eta, hortaz, Puigdemonten hautagaitza bertan behera utzi.

JxC Junts Per Catalunyak, berriz, hilaren 14a baino lehenago Puigdemont telematikoki inbestitzeko intentzioa agertu zuen herenegun. Halere, presidente kargugabetuaren zerrendak esana dauka ez duela "desobedientzia egoerarik behartuko". Maiatzaren 22rako gobernurik osatzen ez badute, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak legebiltzarra desegingo du, eta hauteskundeetara deitu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.