Zinema

Ermanno Olmi zinemagilea hil da

86 urte zituen, eta, besteak beste, 'La leggenda del santo bevitore' eta 'L'albero degli zoccoli' zuzendu zituen.

Ermanno Olmi.
Ermanno Olmi. Berria

Berria -

2018ko maiatzak 7

Ermanno Olmi (Treviglio, Italia, 1931) zinema zuzendari eta gidoilaria gaur goizaldean hil da, Asiagon. Gaixo zegoen aspalditik, eta ostiral gauean ospitaleratu egin zuten.

Olmi nekazari familila baten barruan jaio eta hazi zen, eta, 2 urte besterik ez zuela, Milanera joan zen bizitzera.

1959an zuzendu zuen lehenengo filma, Il tempo si e' fermato, eta bi urte geroago Il posto zuzendu zuen. 1963an, berriz, Cannesko Zinemaldian hartu zuen parte, I fidanzati lanarekin. Lan horrek egin zuen ezagun Olmi nazioartean, eta haren zinemaren ezaugarri nagusiak finkatu zituen. Izan ere, gizarteak baztertutakoetan jarri zuen sarritan mira.

1977an bere maisulanetako bat estreinatu zuen: L'albero deggli zoccoli. Lan horrekin Urrezko Palma irabazi zuen Cannesen, eta baita Donatello eta Cesar sariak ere.

Hamarkada bat geroagokoa da La leggenda del santo bevitore, Joseph Rothen testu autobiografiko batean oinarritutako filma. Lan horrekin Urrezko Lehoia eskuratu zuen Veneziako Zinemaldian.

Orduz geroztik, Il mestiere delle armi (2001), Tickets (2005), Giuseppe Verdi, Un ballo in maschera (2006), Centochiodi (2007) eta Torneranno i prari (2014) zuzendu zituen.

2008an Veneziako Zinemaldiak ibilbidea aitortu zion Urrezko Lehoi batekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna