Enpresak

Tubacexek salmentak handitu ditu urtearen hasieran

Hodien merkatua "guztiz berreskuratu" ez den arren, Arabako taldea emaitzak hobetzen ari da.

Tubacexen lantegi bat, Amurrion. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 8a
11:50
Entzun

Urte txar batzuen ondoren, aurten irabazietara itzultzeko moduan izango zela iragarri zuen Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilariak, 2017. urteko emaitzak aurkeztean. Iaz 19,7 milioi euro galdu zituen, baina amortizazio batzuk aurreratu izanari egotzi zion emaitza negatiboa. Aurten, berriz, bide onetik hasi du urtea: 168,5 milioi saldu ditu (+%28,3), eta 15,8 milioi euroren irabazi operatiboa (Ebitda) izan du (+%21). Horren eskutik, zergak ordaindu aurretik 2,9 milioi euro irabazi ditu (+%2,2).

Tubacexek soldadurarik gabeko hodiak egiten ditu, eta lantegiak ditu Laudion, Amurrion eta Artziniegan (Araba). Hodien eskaera asko jaitsi da azkenaldian, batez ere petrolio merkeagoak inbertsio proiektu asko geratu dituelako. Sektorea "bolumenetan ahulduta"  jarraitzen duela ziurtatu du enpresak, eta prezioak txikiak direla ere nabarmendu du. Hala ere, eskaerak handitzea lortu du Arabako enpresak, "azken urteetan kudeaketan, produkzioan eta arlo komertzialean egindako ahaleginei esker".

Esmorisek ohar baten bitartez azaldu duenez, ekoizpenaren banaketak zeresan handia izan du emaitza positiboetan. Horrela, Indian inbertsio handiak egiten ari dira, han biltzeko gaur egun Europan egiten duten ekoizpenaren zati bat, "produktu konbentzialena". Europako lantegietan (beste hiru planta ditu Italia iparraldean eta bi Austrian) eta AEBetan duen bakarrean "balio erantsi handiko produktuak" egin nahi ditu. AEBekoan ere ekoizpena handitzen ari da, Donald Trumpen gobernuak Europako Batasuneko altzairu inportazioei muga-zergak ezarriz gero, kalte gutxiago izateko.

Gaur egun, petrolio eta gas putzuetarako hodiek ekartzen dituzte Tubacexen salmenten %47. Epe erdira negozioa handitzeko aukera ikusten du Arabako multinazionalak, petrolioaren prezioaren gorakadak —75 dolarrera iritsi da— inbertsioak handitzea ekartzen ari delako, "poliki bada ere".

Argindar ekoizpenerako erabiltzen diren tutuek, berriz, salmenten %17 dira. 2017an merkatua "eten" zela dio Tubacexek, baina urte hasieran eskaerak handitu egin direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.