Pedofilia

Sarramagnan apeza irailaren 11n epaituko dute "limurkeriazko atentatuagatik"

1990eko gertakariak dira, eta bere garaian biktimak 12 urte zituen; orduko Baionako apezpikua eta gaur egungoa ere gertakariez jakinean ziren, baina isilpean atxiki zuten

Hiribuuko eliza
Hiribuuko eliza Berria

Nora Arbelbide Lete -

2018ko maiatzak 8

Samuel Vuelta Simonek Baionako prokuradoreak akusaziopean jarria zuen Jean-François Sarramagnan apaiza, 2016ko apiriletik. Baionako Instrukzio Epaitegiak bere gain hartu zuen auzia ekainean. Sarramagnan aske da orduz geroztik, Lourdes ondoko Tournay herriko abadian, baina kontrol judizialpean da.

Auziari eguna finkatzeak erran nahi du, batetik, gertakariak baieztatuak direla. Apezak berak aitortuak zituen. Eta, bestetik, biktimaren amak jarri salaketa ez dela epez kanpo. Izan ere, amak 2015eko irailean jarri zuen salaketa Clermont-Ferrant herrian, han bizi baita geroztik. Erasoa Baionan bizi zirela gertatu zen. Apaiza, besteak beste, Hiriburuko apaiza izana da.

Baionako prokuradoreak ez du baieztatu ea  Marc Aillet gaur egungo Baionako apezpikua auzipeturik dagoen ala ez. Izan ere, Aillet berak aitortu du 2009tik gertakariez jakinean zela. Funtsean, gertakarien garaietan ere Baionako Moleres apezpikua jakinean zen. "Auziak erantzunen die segur aski zure galderei", erantzun du prokuradoreak.

2007an neska gazte batek ere salaketa bat jarri zuen, baina salaketak ez zuen jarraipenik izan. Auziak salaketa kontuan hartuko duen ala ez, horretaz ere ez du zehaztapenik eman prokuradoreak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna