Enpresak

Inoizko fakturazio handiena lortu du makina-erremintak

2018rako "egonkortasuna" aurreikusi du AFM klusterrak, eta inbertsiotarako pizgarri politikak eskatu ditu.

Antxon Lopez Usoz AFMko lehendakaria (ezkerrean), eta Xabier Ortueta AFMko idazkri nagusia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 10a
13:50
Entzun

Inflazioaren eragina kenduta, oraindik %10 falta zaio makina-erremintaren sektoreari 2008ko maila berreskuratzeko, baina datu absolututan datu onak ari da lortzen, eta "pozik" daudela azaldu du Antxon Lopez Usozek, AFM makina-erremintaren klusterreko lehendakariak. Fabrikazio aurreatuaren eta makina erreminten sektoreko ekiozpena %12,96 igo da 2017an, iragarritako hazkunde aurreikuspenaren gainetik, eta errekorra lortu du: 1.690,69 milioi euroko fakturazioa. "Hamar urtetan izandako zenbateko onena da, baina kopuru errealetan oraindik tartea geratzen zaigu 2008ko datu historikora heltzeko", esplikatu du Lopez Usozek. 

Fakturazioa horrenbeste igo izanaren arrazoia, hein handi batean, deformazioaren azpisektorearen bilakaera ikusgarria izan da, %47,76 igo baitzen iaz. Izan ere, 2017an fakturatu ditu 2016an metatutako eskaeraren zati handi bat, eta, hain zuzen ere, urte hartan eskaerek %56 egin zuten gora. Kontuan izan behar da deformazioan hamazortzi hilabete inguruko tartea igarotzen dela eskaerak lortzetik makina fakturatzera bitartean.

Bi behar: inbertsioa eta langile kualifikatuak

2017ko datuak onak izanik, eta 2018rako "egonkortasuna" aurreikusita, sektoreak bi beharrizan asetu behar dituela esan du Xabier Ortuetak, AFM klusterreko zuzendari nagusiak: laguntza publikoak eskatu ditu enpresek makineria berritzeko inbertsioak egiteko, eta ohartarazi du arazoak dauzkatela langile gazte kualifikatuak aurkitzeko.

"Une egokia da pizgarri politika sendoak aplikatzeko Espainiako merkatuan ekoizpen ekipamendu aurreratuetako inbertsioetarako". Renove planaren antzeko ekimenak eskatu ditu, baina zuzeneko diru laguntzez gain, pizgarri fiskalak ere nahi ditu. Italiako eredua jarri du adibidetzat. Erromako gobernuak makinak berritu dituzten enpresei erositako makinen prezioaren %250 amortizatu die kenkari fiskalen bidez. Horri esker, makina-erremintako sektoreak makineria berritu du, makina berrien salmenta %46 igota. "Italian frogatu badute eta egin badute, hemen ere posible da".

Bestetik, sektoreak langile gazteak eta kualifikatuak bilatzeko arazoak dituela azaldu du Lopez Usozek, eta esan du jende gaztea erakartzeko bide berriak jorrartu behar direla, modu tradizionalak (lanpostuak betetzeko iragarkiak publikatzea egunkarietan) eta formazio duala ez direlako nahikoak.

Esportazioak, sendo

Markak hausteko urtea izan da 2017a: esportazioetan ere errekorra lortu dute AFMko konpainiek (128 bazkide dauzka klusterrak), 1.233,37 milioi eurorekin. Edonola ere, esportazioa sendo hazi da aurreko urteetan ere, eta 2017an modu apalagoan egin du gora, %4,10eko erritmoan. Iaz, sektoreak ekoitzi zuenaren %72,95 esportatu zuen.

"Europako merkatuak portaera bikaina izan du 2017an: bai Alemaniak, gure merkatu nagusiak, 2016arekin alderatuta %20 hazi baita, eta baita ere Italiak, Frantziak, Portugalek, Erresuma Batuak eta Poloniak", azaldu du Lopez Usozek. Halaber, AEBen, Kanadaren eta Mexikoren jardun ona ere nabarmendu du, %15 hazi direlako herrialde horietara doazen esportazioak.

Era berean, barne kontsumoan ere "urte ona" izan da, Espainiako merkatuan: %24,43 hazi da, 726,36 milioi euroraino. Igoera ontzat jo du AFMk, baina gogoratu du oso behetik ari dela suspertzen Espainiako kontsumoa: "Balio errealetan, oraindik, 2007ko mailara ailegatzeko %20-30eko ibilbidea dago egiteko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.