Bukaera sortzen

ETA: literatoen arintasun jasanezina

2008an eman zuen lehen literatur lana: Suzko lilia poemarioa. 2012an ekarri zuen bigarrena: Sinplistak. Tartean, 2009an, Ihes ederra nobela grafikoa ondu zuen, Alain M. Urrutiarekin. 2014an, Wagner auziaz plazaratu zuen, Wangermee, Clement, Zizek eta Badiouren testuak itzulita. BERRIAko kolaboratzailea da.

Hedoi Etxarte
2018ko maiatzaren 13a
09:19
Entzun

ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Hedoi Etxarteren testua da hau:

Spinozaren jarraitzailea da Michel Onfray. Frantziako atentatu yihadisten azken olatuaren ostean bere lema ezaguna berreskuratu zuen: ez egin irri, ez egin negar, baizik eta ulertu. Eta bistan da, Euskadi Ta Askatasuna (ETA)-Espainiako Erreinua (EE) gatazkan negar egin dela. Irri egin dela – ez dezagun ahaztu ETB2ko Vaya semanita, PSE-EEren urpekari hura, PSOEz izan ezik EAEko, eta EHko gizarte politizatu guztiaren lepotik barre egin zuena, ezker abertzaleko borrokez eta EAJko txikiteroez, PPko zaleez eta arabarrez –. Ziurrenik, gerora aipatuko ditudan salbuespenekin, ETAren aferan, galtzaile nabarmen bat egon da: ulertu nahian ibili direnak. Pentsatu nahi izan dutenei behiala Houelebecqi nobela distopiko bat idazteagatik esan ziotena esan izan zaio. Houellebecqui esan zioten musulman integristaren batek judutar bat erasotuz gero bera izango zela arduraduna. Onfrayk dioen bezala, hori litzateke Zola meatzarien baldintza txarren erantzule egitea. Proust aristokraziaren txepelkeriarena. Céline Lehen Mundu Gerrarena. Malraux 36ko gerra piztearena.

Onfrayk yihadaren atentatuak ulertu nahi zituen. Eta aipatu zuen, agian, Frantziako atentatuekin lotura izan zezaketela Frantziak nazioartean parte-hartutako azken gerretan lau milioi musulman hil dituztela – datua BBC eta The Guardianeko Nafeez Ahmed politologo britainiarraren iturrietatik eratorri zuen –. Bada Manuel Vallsek, garaian burnizko Barne Ministro zenak – ijitoak eta errefuxiatuak Fronte Nazionalak baino kartsuago pertsegitzen zituenak – esan zion filosofoari «ulertzea zuritzea zela». Ulertzea aitzakiak bilatzea dela: ETA-EE gatazkan gertatu den bezala. Ulertzea justifikatzea dela. Eta ETA dela tabu bat, zeinaren gainean ezin den pentsatu. Ulertzea zuritzea denez, Onfrayren aburuz, filosofoentzat, soziologoentzat, psikologoentzat, psikoanalistentzat eta historialarientzat bi patu posible daude: sua ala kartzela. Funtsean, ulermena mugatzeko saiakera hau «erregimen liberalaren patuaren militarizazio ideologiko bat» delako.

Alegia, Onfray esaten zuenaren erantzulea zen. Erabiltzen zuen tonuarena. Funtsean, existitzearen erantzulea zen. Zeren filosofoaren lana jada ez zen gogoeta egitea, Vallsen debekuarekin, filosofoaren lan berria politikoek diktatutakoa obeditzea da. Eta, ordea, filosofoaren lana «mitoak, ipuinak, legendak, fikzioak, fantasiak eta haurrei esplikatuta helduek sinisten dituzten istorioak» ez elikatzea da. Zeren, nahiz eta helduek «nahiago dituzten segurtasuna ematen duten istorioak; uxatzen, agonia sortzen, gainditzen eta nahastarazten duten egiek baino», filosofoaren lana egia horiek bilatzea da. Bai Frantzian, baita ETA-EE gatazkan ere bai.

Terrorearen ostean pentsatuz

Martxoaren hasierarekin ekartzen zuen Iñigo Aranbarrik egunkari honetara Nacho Carreteroren Irina (Libros del KO 2015) liburuaren incipita. Alegia: Portugal eta Galiziaren arteko muga egunero gurutzatzen zuela gizon batek bizikletaz. Zaku bete ikatz zeramala. Eta mugazainek ikatz artean zerbait zeraman egiaztatzen zutela, eskuak belztuz baina ezetz: ez zeramala ikatza besterik. Eta bai, zakua zeramana kontrabandoan zebilen. Zangoei eraginez pasatzen zuen merkantzia: bizikleta zen bere negozioa.

Egunotan hartu dut liburu bat – Slavoj Zizeken Violence (Profile Books 2008) – ETAren kapitulua amaituta biolentzia amaitzen ez dela uste dugunok geure apaletan eduki beharko genukeena. Eta Carreterok bildutako pasadizoaren oso antzeko batekin hasten dela jabetu naiz. Antza, lapurreten inguruko istorio zahar bat dago. Langile batek lantokitik lapurtzen duelako susmoa dago. Arratsero, lantegitik eskorga bat darama. Zelataz begiratzen diote eskorgari. Baina zaintzaileek ez dute ezer topatzen. Beti doa hutsik. Jabetzen diren arte eskorgak lapurtzen ari dela.

Zizeken gomendioa hori da. Terrore ebidentearen ostean dagoen terrorea aztertzea. Eta bai, ETAren 800 hildakoez gain, ezinbestekoa da EEk hildako 350 lagunez jardutea, eta garai berean lanean hil diren 3.000 langileak aztertzea, indarkeria matxistarengatik hildako ehunkakoak, gurera etortzean bidean hildako etorkinak, hipoteka ordaindu ezinda beren buruaz beste egindakoak, Guardia Zibilen torturatutakoak, eta Ertzaintzarenak. Bai. Pentsa dezagun, konbertsoen lantuen eta erru pertsonala sozializatu nahi dutenen sermoien gainetik. 78ko Erregimenaren ofiziozko zutabegileen azpitik. Uler dezagun. Pentsatu. Zer da biolentzia terrorista. Zer antzekotasun eta diferentzia izan ditu ETAk Europako gainontzeko hiri gerrillekin. Nork parte hartu du, noiz eta zergatik. Egin dezagun soziologia – klase irakurketa bat noizko? Generoarena bere hastapenetan dago –, eta kriminologia – egon da eboluzio bat ETAren armagintzan? Eta artezilarienean? –, eta kronika – Imanol Muruaren bi lanak dauzkagu, eta Gregorio Moranen narrazio eder hura, Los españoles que dejaron de serlo –. Baina, bereziki, filosofia behar dugu.

Egunero hasten delako

Zeren pentsamenduari dagokionean, pixka bat gaude pietà bat begiratzean bezala. Koldo Izagirreren poema hartan bezala, «helduko dela, helduko dela, eta egunero dugu bezpera». Salmo responsorial batean bezala. Baietz. Badatorrela. Helduko dela eta Mariak utziko duela Jesus nonbaiten. Eta besoekin egingo duela zerbait: bere malkoak lehortu, hildako semea besarkatu. Baina ez dator. Ez bagenu nahiko bezala Hannah Arendt Jerusalemera bidali. Uler ditzan eta konta ditzan gero inork entzun nahiko ez dituenak epaiketez. Batzuentzat-heroi-bestetzuentzat-munstro pack horretan erosoago bageunde bezala. Ikusi ordez ETAkideak izan direla sukaldariak, nobelistak, elektrizistak, fede oneko jendea eta fede txarrekoa, onenak, normalak, txistezaleak eta aspergarriak, inozoak eta ingeniosoak, aziertoekin eta akatsekin. Filosofo batek bezala, ez epailez janzten den nobelista txar batek bezala.

Pentsatzea behar dugu, Azurmendik eta Sarrionandiak hasitako bide horretan. Autonomiaren konpromisotik. Justiziaz, arduraz, norbanakoaz, erruaz. Baina hasi aurretik barkamenik eskatu gabe. Eskatuko ez genukeen bezala barkamena Hitleren elikaduraz hitz egiteko. Ala Jules Ferryren eskola publikoa aztertzean berak babestu zuen kolonialismo hiltzailea aipatuko ez genukeen bezala. Arendtek bezala: ulertzeko gosea dugulako, ulertu nahi dugulako. ETA desagertu ostean – inor gutxiri interesatuko ez zaizkion eta zutaberik okupatuko ez duten – biolentzia hiltzaile guztiekin bezala: ulertu, pentsatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.