Bukaera sortzen

Matriuska

1994an argitaratu zuen Kea behe-lainopean bezala poema bilduma. Lehen liburu hartatik, eleberria, ipuinak, saiakera, nobela grafikoa eta kronika landu ditu, bai eta itzulpena eta gidoigintza ere. Hainbat lan saritu dizkiote. Tartean, Belarraren ahoa (2004), Twist (2011) eta Orkestra lurtarra (2013).

Gorka Rubio/Foku

Harkaitz Cano -

2018ko maiatzak 13

ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Harkaitz Canoren testua da hau:

Monterrosoren aipua ekartzea errazena: “Esnatu nintzenean, ETA jada han zegoen”. Gurasoen ohe ondoko irrati-iratzargailu laranjak zenbaki beltzak eta zuriak dauzka. Madrilen eztandarazitako furgoi polizialen albisteek (“eta orain, eguraldiaren berri”) ez dirudi gurekin zerikusi handirik dutenik, baina norbaiten anaia nagusiak aizkoran gora doan sugea botikako kopan gora datorrenarekin erkatu du. Gure irakasleak giza-sandwichak dira, besapeko egunkari bakoitzak bando bat iragartzen du. Kateorratzari lotutako kometatxo polit askoa paparrean dakar Aitzolek, koloretako hariz egina (“Osabak egin zidak, kartzelan”). Iñakik ekarri dituen pilotak ez dira frontoirako egokiak (“Egin gomazko pilotekin nahi duzuena, baina ez xiringarik ukitu”). Zer da haur bat, txatarrero arimarik gabe?

Euskadi Ta Askatasuna. Juntagailua izentzat hartzen duen taldeak bere baitan dauka errata: “Ez ote zukeen, bada, Euskadi eta Askatasuna izan behar?”. Matriuska litzateke, hartara (baina horrela, ez zen ETA izango... edo?). Listoak, gu. George Steinerrek Errata izenburua jarri zion bere autobiografiari; euskaradunok,  tesi oso bat idatz genezake etakide eta etarra hitzen arteko ñabardura semantiko sentimentalekin. ETA asko daude ETAren barruan (Auzitegi Nazionalak uste baino gutxiago, halere).

Atzo balitz bezala oroitzen dut amaren haserrea Yoyesen hilketaren egunean, goizean goiz. Gurasoen lagun katalanek oparitutako portzelanei begira nago Hipercorreko atentatuaren egunean. Txiste makurrei barre Twitterrik gabeko sasoian. Estetika axaleko bat baino ez dugula heredatu esaten ziguten helduek; orain, gu gara helduak eta gauza berbera leporatzen diegu gazteei. Axalkeriak jaso genituen helduengandik eta geuk gaizkiulertuak helarazi dizkiegu gazteagoei ordainetan? Ongi etorri transmisioaren mundu liluragarrira: kantuen leloak baino ez du irauten. Okertu ziren ideia onen uhinak. Pintadak eta afixak, gizarte baten gihar. “Erakundeko bat hila eta bi zaurituta” dio norbaitek, eta beldurgarria zait gazte horren amorruaren konbentzimendua. Arrotz zait, halaber, testuinguru horretan “erakunde” hitza bera. Manifak eta kontramanifak; ez da sobera idatzi horri buruz. Atabikoegiak zirelako aurrez aurre esan eta ikusten zirenak? Konbentzimenduaren amorrua. Irrati-teknikari bati entzuna, atentatu baten ondoren: “¿Pongo una de Mikel Laboa?”. Erruaz, aitortzaz, barkamenaz hitz egiten da... Niri, gehiago interesatzen zait: lotsa, anakronismoa, Tom Jonesen Sex Bomb nola dantza genezakeen norbait hil zuten egunean. Bizi ginen ba, horrela.

Literaturaren zeregina beste inola nekez konta daitekeena kontatzea da, nahiz eta norbere soslairik ederrena ez atera. Nola azaldu hori folio batean? Ezin Ortega y Gassetengan pentsatu, Ortega Lara burutik pasa gabe. Lehena zen hau zioena: “Gertatzen zaiguna zera da, ez dakigula zer gertatzen zaigun”. Orain badirudi denok dakigula.

Urte luzez atzerrian bizi izan ondoren etxera itzuli den lagunak laburbildu dit, Monterrosoren moldean: “Itzuli nintzenean, jada denok beganoak zineten”.  

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna