Donostiako JAzzaldia

Ruben Bladesek irekiko du Zurriolako doako kontzertuen txanda

Musikari panamarra uztailaren 25ean ariko da; Too Many Zooz, Izaro, Gary Clark Jr. eta Mikel Erentxun ere ariko dira agertoki horretan

Ruben Blades musikari panamarra, 2017ko irudi batean.
Ruben Blades musikari panamarra, 2017ko irudi batean. EFE

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 11

Donostiako Jazzaldiak ohar baten bidez jakinarazi du, gaur eguerdian, Zurrolako Hondartzako Agertoki Berdean zein talde ariko diren aurten. Agertoki indiea deitzen diote eremu horri, eta kontzertuak doakoak izaten dira.

Ruben Blades musikari panamar eskarmentudunak emango du lehen kontzertua Agertoki Berdean, uztailaren 25ean (21:00). Saltsa musikaren aitapontetako bat da Blades, bestelako genero latinoak ere jorratu izan dituen arren. Salsa Big Band diskoa plazaratu zuen iaz, eta Gasteizko Jazz jaialdian aritu zen.

Egun horretan bertan ariko da Too Many Zooz New Yorkeko hirukoa: Leo Pellegrino (saxo baritonoa), Matt Doe Muirhead (tronpeta) eta David King of Sludge Parks (bateria).

Bigarren egunean, uztailaren 26an, Izaro ariko da. (21:00). Aurten bertan kaleratu du Eason diskoa.

Gary Clark Jr musikari estatubatuarrak itxiko du bigarren eguna. Texasko bluesaren oinordekotzat jotzen dute gitarrista gaztea.

Eta azken egunean, uztailaren 27an, Mikel Erentxun donostiarrak itxiko du Zurriolako zikloa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna