Katalunia

Generalitateko 131. presidente izendatu dute Quim Torra

Boto bateko aldearekin gainditu du Torrak bigarren bozketa. "Errepublika plurala" eraikitzeko lan egingo dutela berretsi du.

Quim Torra, Kataluniako Generalitateko presidentea. /
Quim Torra, Kataluniako Generalitateko presidentea. / Andreu Dalmau/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko maiatzak 14

Sei hilabete eta erdi iragan dira Espainiako Gobernuak Kataluniakoa bertan behera utzi zuenetik, eta Kataluniak presidente berria du gaurtik: Quim Torra. Tarte horretan Mariano Rajoyren gobernuak agindu du Katalunian. Hauteskundeak egin ziren, abenduan, baina Kataluniako herritarren botoek ez zuten egoera aldatu, eta gaur presidente independentista bat aukeratu du berriro Kataluniak. Espainiak esana du 155. artikuluaren ezarpena kenduko duela gobernu berri batek kargua hartzen duenean, eta Quim Torraren erabakiak "zaindu" egingo dituela esan du.

Torraren aukeraketaz analisia egin du Igor Susaeta kazetariak:

Gaurko hitzaldian Torrak iragarri du Generalitateak berriz bultzatuko dituela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean inpugnatutako hamasei legeak. Haietako batzuk aho batez onartuak izan ziren, baita PPren babesarekin ere. "Herrrialdeak proba garrantzitsuak gainditu beharko ditu, eta denok gai izan behar dugu horiek gainditzeko. Nazio bat behar dugu, herritar guztien ongizatea bermatuko duen nazioa". 155. artikulua noiz indargabetuko dute galdetu du Torrak. 155. artikulua jaso zuen urriaren 27ko Espainiako buletin ofizialak dio gobernu berri bat osatzen denean automatikoki indargabetuko dela. Hori berretsi zuen Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak ostiralean, eta gogorarazi zuen Torrak legea hausten badu Espainiako Gobernuak lehen jokatu zuen bezala jokatuko duela, "Konstituzioa ezarriz".

"Errepublika plurala" eraikitzearen alde egin du Torrak hitzaldian, eta barkamena eskatu du alderdi unionisten aldetik kritika zaparrada eragin duten txioengatik. Hori ez da aski izan, ordea, Ciutadanseko Ines Arrimadasentzat, zeinak naziekin alderatu duen hautagaia, eta "xenofobia" goratzea egotzi dion. "Ez da berria zuen hizkuntza eta kultura hobea dela esatea. Ez da berria etsaia desagertzean zoriontsu izango garela esatea. Baina berria dena da hitzaldi horri aurre egin dioten iraganekoen parean, gu XXI. mendeko Europan, Espainian gaudela". Ciutadansen bide beretik jo dute gainontzeko alderdi unionistek ere, eta behin eta berriz galdetu diote Torrari katalanak ote diren espainiar sentitzen diren herritarrak.

Aldiz, autonomismora jotzea egotzi dio CUPeko Carles Rierak, eta eurak oposiziotik zainduko dutela gobernu berriaren norabidea. "Desobedientzia eta aurrez aurrekoa baztertzen duen unetik, ezin dugu gobernu hau babestu". Torrak, baina, eskua luzatu die subiranistei, eta elkarlanerako eskaintza berretsi die, esanez "70 diputatuko proiektua" dela beraiena.  

Larunbatean egin zuten inbestidura saioko lehen bozketa, baina hura gainditzeko gehiengo osoa behar zuen Quim Torrak, eta CUPen babesik gabe ezinezkoa zen halakorik. Ordea, gaurkoan nahikoa izan du gehiengo sinplea eta hori eskuratu du. Izan ere, Junts Per Catalunyaren eta ERCren botoekin aldeko 66 boto jaso ditu Torrak, eta kontrako 65 —Ciutadans, PSC, Catalunya En Comu eta PPC—; CUP, berriz, abstenitu egin da.

Behin presidentea aukeratuta, parlamentuko buru Roger Torrentek erabakiaren berri emango dio Espainiako erregeari. Ordea, Torrentek iragarri du idatziz egingo duela lan hori, eta ez dela Zarzuelako jauregira joango. Torrenten esanetan, Borboikoak utzi zuen bertan behera protokoloa aurreko legealdian Carme Forcadellekin biltzeari uko egin zionean. Parlamentuko presidenteak ere salatu du Espainiak ez duela oraindik aitortu preso politikoak daudela. 

10:30ean hasi dute Generalitatea zuzentzeko laugarren hautagaiaren bozketa —aurrez presidentegai izan dira Carles Puigdemon bera, Jordi Sanchez, eta Jordi Turull—. Puigdemonten eta Sanchezen kasuan inbestidura saioetarako datak jarri ziren arren, azken orduan bertan behera utzi zituzten, eta, azkenik, bi hautagaiek uko egin zioten karguari. Turullen kasuan, aldiz, martxoaren 22an egin zuten lehen bozketan ez zuen behar adinako sostengua lortu, eta bigarrena bertan behera geratu zen Gorenak hura espetxeratzeko agindu zuelako.

Hain zuzen ere, Puigdemont bera izan da gobernuburu berria zoriontzen lehena:

 

Behin-behineko agintaldia

Lehen bozketa aurretik egindako agerraldian Torrak argi utzi zuen beste batek egon behar zuela han eta ez berak: "Puigdemontek egon behar zuen hemen, bera baita Generalitateko presidente zilegia".

Urriaren 1ean herritarrek erabakitakoari eusteko asmoa ere iragarri zuen presidentegaiak larunbatean eta bidea "elkarrekin" egiteko deia egin zien alderdi subiranistei: "Erantzukizuna eta konfiantza eskatu nahi ditut. Elkarrekin jarraitu beharra dago, are gehiago ahalegintzen".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna