HEZKUNTZA

Akordio oinarria egin dute EAEko hezkuntza publikoan

Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek bilera egin dute, eta hitzarmenerako oinarriak adostu dituzte. Lau sindikatuk sinatu dute: LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk. ELAk ez du akordioa ontzat jo.

Hezkuntza publikoko murrizketen aurkako protesta bat. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko maiatzaren 14a
07:02
Entzun

Aurreko bileran hurbilduak zituzten jarrerak, eta iritsi da akordiorako oinarria: EAEko hezkuntza publikoko lan gatazka konpontzeko hitzarmenaren oinarriak adostu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta sindikatu gehienek. Bost sindikatu daude mahaian, eta ELAk ez beste laurek sinatu dute: LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk.

Akordioak dakartzan oinarri nagusiak aurreko bileran zehaztutakoak dira; besteak beste, ordezkapenak lehen egunetik egitea irakastaldi guztietan, behar bereziak dituzten ikastetxeetan “baliabide gehigarriak” jartzea, 3 urtekoen geletan lantaldea handitzea, eta baimenak hobetzea. Lan eskaintza publikoan 5.000 lanpostu baino gehiago eskaintzekoak ditu gobernuak agintaldi honetan.

Zintzilik geratu dira beste gai batzuk; besteak beste, 60 urtetik gorako irakasleei eskola orduak gutxitzea —funtzionarioen kasuan onartu du hori gobernuak, eta denei ezartzea nahi dute sindikatuek—, eta geletako ratioak jaistea.

Lan gatazkan elkar hartuta aritu dira ELA, LAB eta Steilas azken asteak arte, baina zatituta daude orain. LABek eta Steilasek sinatu egin dute akordio oinarria. Steilasek, adibidez, adierazi du “ahuleziak” dituela adostutakoak, baina ”langile eta ikastetxe askoren onura” ekarriko duela. ELAk gutxiegitzat jo ditu gobernuaren proposamenak, eta protesten alde agertu da.

Komunikabideetarako igorritako oharrean azaldu du ELAk zergaitik ez duen sinatu akordioa: "Ez dio hezkuntza publikoak dituen arazo larriei zein langileen aldarrikapenei erantzuten". Jaurlaritzako mobilizazioak geldiaraztea beste helbururik ez du, sindikatuaren arabera, baina mobilizazioak bultzatzen jarraituko dutela ohartarazi du: "ELAk ahalegin guztiak egiten jarraituko du Jaurlaritza gure aldarrikapenei erantzutera behartuko duen mobilizazio dinamika bultzatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.