Albistea entzun

Euskara

A ereduan euskara ikasi ez zuelako 10.620 euroko kalte-ordaina eskatu dio ikasle batek Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Sopelako (Bizkaia) 20 urteko E.M.P-k salaketa jarri du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurka A ereduan ikasi ez zuen euskara euskaltegian ikasi behar izan duelako. Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko euskaltegian gastatu behar duen dirua eta euskara ikasten pasako duen denbora, lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera, kontutan hartuta 10.620 euroko kalte-ordaina eskatu du gaur Gasteizen egin den ahozko epaiketan.

Berria -

2006ko ekainak 20
E.M.P-k ikastetxe publikoetan egin zituen derrigorrezko ikasketak, A ereduan. Ikasketa eredu horretan euskara ikasgaia bakarrik eskaintzen da euskaraz. E.M.P-k arazorik gabe gainditu zuen euskara ikasgaia (ondo, oso ondo eta bikain notekin). Hala ere, bere euskara maila "oso txarra" zela dio sopelarrak. E.M.P erizaintza ikasten ari da eta euskara jakin behar du Eusko Jaurlaritzaren oposaketak gainditu eta lana lortzeko. Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko lau urte beharko zituela aurreikusi zuten Sopelako euskaltegian bere euskara maila neurtu ostean. Besteak beste, euskaltegian gastatu beharko duen dirua kontutan hartuta 10.620 euroko kalte-ordaina eskatu du. Euskal Eskola Publikoaren legea betetzen ez duelako, beraz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurkako salaketa jarri du. I˝igo Santxo 20 urteko sopelarraren abokatuak honela argudiatu du kausa: "Euskal Eskola Publikoaren legeak oso argi adierazten du 18.artikuluan hezkuntzak bermatu egin behar duela derrigorrezko heziketa amaitutakoan gai izan behar dutela [ikasleek] idatziz zein ahoz aritu ahal izatea, modu normal batean, euskaraz zein gazteleraz". Abokatuak azpimarratu du E.M.P-k ez zuela gutxieneko gaitasun hori lortu A ereduan eta euskaltegira jo zuela horretarako. Hilabete barru espero dute epaia eta aldekoa izanez gero I˝igo Santxo abokatuak uste du atzetik beste salaketa asko egongo direla. Gainera A eredua kolokan ikusten du:"A ereduak dardarka hasi beharko luke hemen aldeko epaia lortzen bada egunak kontatuta dauzka".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.