'Iruña-Veleia auzia'

‘Iruña-Veleia auziaren’ bide judiziala eteteko eskatu dute

Auzipetuek jasan duten "aulki zigorra" gaitzetsi dute haien aldekoek, ia hamar urte baitira auzia azaleratu zela.

Argitu plataformak Eliseo Gilen kontrako zigor eskaerak baloratzeko prentsaurrekoa egin du gaur, Gasteizen. /
Argitu plataformak Eliseo Gilen kontrako zigor eskaerak baloratzeko prentsaurrekoa egin du gaur, Gasteizen. / Jaizki Fontaneda/Foku

Aitor Biain -

2018ko maiatzak 15

Iruña-Veleia auziak aurrera jarraitzen du epaitegietan, eta beste pauso bat eman zuen iragan astean. Hiru auzipetuen aurkako akusazio idatziak aurkeztu zituzten Arabako Foru Aldundiak eta Arabako fiskaltzak: zazpi urte eta erdira arteko zigorra eskatu dute Eliseo Gil aztarnategiko zuzendariarentzat, eta hiru urteko eta bederatzi hilabetera arteko espetxe zigorra Oskar Escribano arkeologoarentzat. Horrez gain, ia 300.000 euroko isun ekonomikoa ere galdegin dute bientzat.

Bada, “harriduraz” hartu dituzte zigor eskaerak auzipetuen aldekoek, eta “kafkartzat” izenpetu. “Injustizia baten aurrean gaudela uste dugu, azkenaldian hizpide ditugun beste batzuen inbidiarik gabe”, adierazi du Juan Martin Elexpuruk, Iruña-Veleia Argitu ekinbideko kideak. Auzia “irteerarik gabeko bide batera” eraman izana egotzi diote Arabako Foru Aldundiari, bide judiziala hautatzeagatik “jakinik arazoa guztiz zientifikoa dela, eta, ondorioz, bide zientifikoak erabiliz soilik argitu daitekeena”. Hori horrela, bide judiziala eteteko eskatu diote Arabako Foru Aldundiari, “laborategi espezializatuek eta indusketa kontrolatuek auzia erabaki arte”.

Iruña-Veleia Argitu ekinbidearen arabera, ez dago frogatuta grafitoen faltsutasuna oraindik, eta, beraz, piezen lagin bat arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea eskatu dute beste behin, baita aurkikuntzak egin ziren lekuan indusketa kontrolatuak egitea ere. Taldearen hitzetan, “ezinbestekoak” dira kasua argitzeko. Eskakizun horiek aurrez ere eginak dituzte, baina epaileak ez ditu aintzat hartu.

Auzipetuek jasan duten “aulki zigorra” ere gaitzetsi dute ekinbideko eledunek, hamar urte baitira auzia azaleratu zela. Elkartasuna adierazi diete Eliseo Gil eta Oscar Escribano arkeologoei. Ez, ordea, Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearrari. Defentsari “kalte handia” egin diola nabarmendu dute. Piezen egiazkotasuna berretsi zuten hiru txosten idatzi zituen Cerdanek, baina oraindik ez du frogatutzat eman egiaztatzeko frogarik egin zuenik. Horiek hala, indusketa lanak egin zituen Lurmen enpresa “engainatu” izana egotzi diote. Hiru urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du aldundiak haren aurka, eta bi urte eta erdikoa fiskaltzak. 

Sinadura bilketa 

Auzipetuei babesa adierazteko egitasmo berri bat eratu dute: Iruña-Veleia Argitu ekinbidea. SOS Iruña-Veleia, Euskararen Jatorria eta Martin Ttipia eta Lurmen elkarteetako kideek osatzen dute, besteak beste. Manifestu bat kaleratuko dute aurki, eta sinadura bilketa bat ere abiaraziko dute. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna